Ostiralera arte aurkez daitezke lanak Inauterietako kartel lehiaketan

Maria Maya Manterola 2022ko urtarrilaren 31

2019ko lehiaketara aurkeztutako kartelen erakusketa.

Herritar batek sortutako kartelak iragarriko ditu aurtengoan ere Inauteriak. Ostirala izango da kartel hori hautatzeko lehiaketan lanak aurkezteko azken eguna.

Gabonak amaitzearekin batera iragarri zuen udalak Inauterietako kartel lehiaketaren deialdia, eta ostirala, otsailaren 4a, izango da lanak aurkezteko azken eguna. Zumaiarrei zuzendutako lehiaketa da, eta parte hartzaile bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere. 

Paperean eta formatu digitalean, bi modutara aurkeztu beharko dira kartelak, A3 neurrian, eta Zumaiako Inauteriak 2022 testua agertu beharko da nahitaez. Egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean eraman beharko dira. Otsailaren 4a bitarte, Alondegian jasoko dituzte lanak.

Gero, otsailaren 11tik 28ra, Alondegian bertan ikusgai jarriko dituzte aurkeztutako kartelak. Festa Batzordeak osatutako epaimahaiak bi sari banatuko ditu. Kartel irabazleak Inauterietako festa egitaraua iragarriko du, eta 300 euroko ordainsaria jasoko du egileak. Herritarren saria, berriz, erakusketan jasotzen diren botoen bitartez banatuko dute, eta bi lagunentzako otordua eskuratuko du herritarrek hautatutako kartelaren egileak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide