Pasa den larunbatean jokatu zen Jai Alai Winter Series txapelketa berriko lehen jardunaldia, Gernikako frontoian. Floridako (Estatu Batuak) frontoien itxierak sortutako hutsunea betetzera dator txapelketa hau, eta hasiera, behintzat, arrakastatsua izan zuen: harmailak beteta, partida bikaina eskaini zuten Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika bikoteek. Hiru setetan erabaki zen A multzoko lehen partida Erkiaga eta Zabalaren alde: 12-15, 15-14, 5-3.
B multzoko lehen partida jokatuko da gaur, gaueko 22:30etik aurrera: Arbe eta Lopez Beaskoetxea eta Aldazabalen aurka arituko dira. Arbe eta Lopez dira faboritoak. Elkarrekin jokatu dutenean Hondarribiko Grand Slam, Markina-Xemeingo Master Series eta Bartzelonako Opena irabazi izan dute, besteak beste. Biek ala biek parte hartu zuten buruz buruko txapelketan, eta Diego Beaskoetxea eta Ibon Aldazabal aurkariak baino errodatuagoak iritsiko dira lehiara. Gernikako aurrelari beteranoa eta Berriatuko atzelaria aspaldiko ezagunak dira. Urte asko eman dituzte elkarrekin Danian (Florida), eta, 2015ean lortu zuten garaipen handiana: bikotekako txapeldunak izatea Jai Alai World Tourrean.
Partida 22:30ean hasiko da, eta Euskal Telebistako lehen kanalak emango du.