2021ean Musika Ikuskizun Onenaren MAX saria lortu zuen Kutsidazu bidea Ixabel musikala ikusteko aukera izango da Zumaian otsailaren 20an, 19:00etatik aurrera, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Ikuskizun hau 2021. urte amaierarako zegoen iragarrita, baina konpainian izandako COVID-19 kasu positibo batek bertan behera utzi zuen hitzordua.
Sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko, turismo buegoan zein entradium.com atarian, 10 euroren truke.
Sinopsia
90 minutuko komedia musikal honetan, Juan Martin gazte donostiarra mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskara maila hobetzea helburu hartuta. Han dagoela, abestien artean egiaztatuko du baserrian bizi direnek darabilten euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin. Baserriko familia aitak, alaba gazteak eta amonak osatzen dute. Ikuskizunean ikusiko dugun bezala, Juan Martinek bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alaba erakargarriak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du musikaren bidez komunikatuko baita harekin: zuhaitzak rap doinuan, sagarrak “a kupela” abesten eta behiak dantzan.