Imanol Lopezek galdu egin du Jai Alai Winter Serieseko bigarren jardunaldiko partida

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 1a, 11:00

Argazkia: Jai Alai News.

Arbek eta Lopezek ezin izan zituzten Beaskoetxea eta Aldazabal mendean hartu. Hurrengo partida otsailaren 28an jokatuko du Lopezek, Goikoetxearen aurka. 

Apustuek Arbe eta Lopezen alde egiten bazuten ere, ezustekoa eman zuen atzo Beaskoetxea-Aldazabal bikoteak Gernikan. Hondarribiko Grand Slam, Markina-Xemeingo Master Series eta Bartzelonako Opena irabazi dituzte Arbek eta Lopezek elkarrekin, eta atzo irabaztea espero bazen ere, aurkariak nagusitu ziren.

Beaskoetxearen jokoa ikusgarria izan zen partidaren lehen setean. Aldazabal atzelariari gehiago kostatu zitzaion jokoan sartzea, baina behetik gorako partida egin zuen. Lopezek akats bakarra egin zuen, baina ezin izan zituen Arberekin batera aurkariak mendean hartu.

Arbe eta Lopez hobeto aritu ziren bigarren setean, eta aurrea hartzea lortu bazuten ere, bikote urdinak beren nagusitasuna erakutsi zuen pare bat kolpetan. 11-15 eta 9-15 nagusitu ziren Beaskoetxea eta Aldazabal. 

Otsailaren 28an izango du hurrengo partida Lopezek, Goikoetxearen aurka. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide