Eraso matxisten kontrako mobilizazioa izango da larunbatean Orion

Aitziber Arzallus 2022ko otsailaren 3a

Zumaiako Malen Etxeak, Mugimendu Feministak, Orioko Xaltxerek, Zarauzko Bilgune Feministak, Zarauzko Morroxkek, Getariko Mariñakek eta Onekak egin dute mobilizaziorako deia. Manifestazioa Orion izango da larunbatean, 12:00etan, plazatik abiatuta. Mobilizazioa dela eta, atzeratu egingo da Zumaiako Emakumeon* Etxean Martxoaren 8a antolatzeko egitekoa zen bilera; otsailaren 11n bilduko dira.

Joan den ostiralean Orion gertatutako eraso matxista "oso larri" baten berri eman zuen Orioko Xaltxerak talde feministak, eta jazotakoa salatzeaz gainera, datozen egunetarako antolatu zitzaketen mobilizazioei adi egoteko eskatu zieten herritarrei. Eta orain, gutun bat plazaratu dute mobilizatzera dei eginez. Manifestazioa larunbatean 12:00etan izango da, Orioko plazatik abiatuta, eta eskualde mailakoa izango da, gutuna hori, Xaltxerez gain, eskualdeko beste hainbat talde feministek ere sinatu baitute; hain zuzen ere, Zarauzko Bilgune Feministak, Zarauzko Morroxkek, Getariko Mariñakek, Onekak, Zumaiako Malen Etxeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak.

Gutunean, erasotuari eta haren ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, "nazkatuta, haserre eta amorratuta" daudela diote: "Horrelako gertakizunek asaldatzen gaituzte, eta eskerrak, baina egunero-egunero jasaten ditugu emakumeok, baita Orion ere, askotariko erasoak, irainak zein gutxiespenak. Kalean hasi eta etxeko sukalde eta oheetaraino, gizon ezagun zein ezezagunek erasotzen gaituzte. Eta astebururo-astebururo, askotariko erasoak jasan behar izaten ditugu. Baina ez gure herrian bakarrik, eskualdean, azkenengo hilabeteetan, hainbat salaketa egin dira indarkeria matxista dela eta".

Mugimendu feminista urteetan egiten ari den lana nabarmendu dute, baita Urola Kostan ere, eta oraingoan ere elkarrekin antolatzeko hautua egin dutela. "Adierazi nahi dugu prozesu hauek ez direla errazak arrazoi asko tarteko; hortaz, denborak eta prozesuak zaintzea eskatzen dute, nahiz eta behar desberdinak egon. Beti ez da berdin, egoera oro berdina ez den moduan, eta eragile bakoitzak ditugu gure ardurak eta oinarriak". Dena dela,  Orioko herriari eta eskualdeko herritarrei garbi adierazi nahi izan diete "erasorik ez dela erantzunik gabe geldituko".

Martxoaren 8a antolatzeko bilera, otsailaren 11n

Zumaiako Mugimendu Feministak Martxoaren 8a deitua zuen larunbaterako. Mobilizazioa dela eta, otsailaren 11n, ostiralarekin elkartuko dira, Emakumeon* Etxean, 18:00etan.

Erlazionatuak

Gutuna: "Erasorik ez, erantzunik gabe!"

Zumaiako Malen Etxea, Mugimendu Feministk, Orioko Xaltxerak, Zarauzko Bilgune Feminista, Zarauzko Morroxkak, Getariko MariƱak eta Oneka. 2022 ots 03 Gizartea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide