Donostiako San Telmo museoan martxoaren 13ra arte bisitatu daitekeen Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa da argitalpen honen abiapuntua. Erakusketa honek emakume artistek egindako lanak bildu ditu, eta bere helburua hausnarketa bat sustatzea da; artista horietako asko ezezagunak zergatik diren hausnartu nahi da. Pintoreek, ehungileek, zeramikagileek, eskultoreek, ilustratzaileek, jostunek dute presentzia erakustaldi honetan; Aran Santamaria beraren lanak ere erakusten dira.
Erakusketatik abiatuta, artista emakume hauek ezagutarazteko liburu ilustratuen saila abitu du Baginen bagara taldeak Pamiela argitaletxearekin batera. Liburu bakoitzerako idazle eta artista bana batu dituzte, eta lehenengo liburu honetarako Esther Ferrer artista donostiarra aukeratu dute. Aintzane Usandizagak idatzi du testua, eta Aran Santamaria zumaiarra arduratu da liburu ilustratua irudiez janzteaz.
"Usandizagak fikzio moduan planteatu du liburua, Esther Ferrer bera fikziora eramanda. Horrez gain, Ferreren lana ere erakusten da liburu honetan", azaldu du Santamariak. Idazleak denboraren eta espazioaren ideiarekin jokatu duela ere gaineratu du artista zumaiarrak. "Abstrakziotik abiatuta egin dugu lanketa. Ferrerrek denborarekin jokatu izan du. Baditu argazki batzuk, bere aurpegiaren erretratuak, garai desberdinetan ateratakuak. Hor denboraren eragina ikusten da. Denbora ez dugu ikusten, baina badakigu hor dagoela, eta arrastoa uzten duela".
Lehen liburu ilustratua
Azken urteotan collagearekin egin izan du lan Santamariak, eta azaldu duenez, hau da egin duen lehen liburu ilustratua. "Ferrer beraz informatu nintzen lehenbizi, bideoak ikusi nituen, eta bospasei katalogo ere erosi nituen. Azken urte hauetan nire lana egiteko metodoa collagea izan da; katalogoak desmuntatzen eta, eta liburuaren ideia hau bazetorren bat nire lanarekin. Haizea Usandizabal ere bazekien zer lan egiten nuen, eta alde batetik askatasuna ere izan dut. Irudi mordoa eskaneatu nuen, bai Ferrerrenak, bai entziklopedietako eta aldizkarietako irudiak. Azken finean, collage moduan planteatu du, baina ordenagailuz eginda", definitu du bere lana Santamariak.
Atzo aurkeztutako lan honekin –dagoeneko salgai dago liburudendetan– beste ate bat zabaldu zaiola dio zumaiarrak. "Orain arte ez du liburu ilustraturik egin, baina ate bat ireki dut, eta ikusiko dugu beste zerbait etortzen den".