Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren ezohiko bilera izan da gaur goizean, eta Espainiako Osasun Ministerioak nahiz erkidegoek aire zabaleko kirol ikuskizunen edukiera muga %75etik %85era handitzea erabaki dute. Kirol eremu itxien kasuan, berriz, %50etik %75era handituko dute pertsona kopuruaren muga. Dena den, aire zabaleko kirol instalazioetan ezingo da edan, jan eta erre.
Bestalde, aurreko astean iragarritako moduan, aire zabalean maskara janzteko derrigortasunari lotutako neurria bertan behera utziko dute. Bihar sinatuko du Espainiako Gobernuak errege dekretua, eta ostegunetik aurrera, beraz, musukoa ez da nahitaez jantzi beharko aire zabalean.
Hala eta guztiz, maskara derrigor jantzi beharko da, soilik, ekitaldi jendetsuetan eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean. Halaber, jende pilaketak diren tokietan maskara janztea, gainera, “gomendioa” izango dela adierazi dute. Erkidego guztietako ordezkariek babestu dute neurri aldaketa hori, baina Eusko Jaurlaritza abstenitu egin da bozketan.