Euskarazko artearen sorkuntzari eta hedapenari bultzada emateko jarri zuen martxan Udalbiltzak Geuretik Sortuak, eta egitasmoaren barruan, bost antzezlan, eleberri laburren bilduma bat eta ikus-entzunezko pieza bat sortu dituzte Euskal Herri osoko hamarnaka sortzailek. Zumaian ikusi ahal izango dira horiek guztiak.
Otsailaren 11n, ostiralarekin, estreinatuko da egitasmoaren barruan sortutako lehen antzezlana Zumaian. Eresia, lurra arin bekizu ama ikuskizuna taularatuko du Oier Zuñiga iruindarrak, Eneko Gil dantzaria eta Belen Cruz aktorea lagun. Lore More konpainiaren Trapu zikinak, berriz, martxoaren 4an ikusi ahal izango da Zumaian; Bonbon Beltz konpainiaren Harri minak, maiatzaren 26an.
Sortzaile zumaiarrak ekainean
Zumaiarrak ere parte hartu dute Udalbiltzak sustatutako egitasmoan. Maite Aizpuruak, esaterako, Atarrabian eta Uharten egin du egonaldia. Metrokoadroka sormen laborategiarekin, Bidaide antzezlana ondu du, hain zuzen ere. Kultura bizirik mantentzen duenaren inguruan egin dute gogoeta, "ikusezina den bizitza guzti hori herriz herri aztertuz". Tokian tokira egokitutako lana izango da, hau da, eduki aldetik herri bakoitzera moldatu daitekeen pieza sortu dute. Ekainaren 3an izango dira Zumaian.
Telmo Irureta, berriz, Sexberdinak obra sortzen aritu da Arrigorriagan Ttanttaka teatroa konpainiaren eskutik. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Aitziber Garmendiarekin batera igoko da taula gainera, ezgaituen sexualitateari ikusgarritasuna ematea xede.
"Momentu onean"
Pandemiak "egoera zaurgarrian" utzi ditu kultur munduko sortzaileak, eta horregatik, "momentu onean" datorrela iruditzen zaio Miriam Romatet kultur teknikariari. Aizpuruak aipatu du, bestalde, kontuan hartzekoa dela herri egitasmoan parte hartu duten herri askotan ez dela apenas antzerkirik programatzen, "are gutxiago euskaraz". Euskarazko proiektuak Euskal Herriko txoko askotara heltzeaz gain, ikusleek gauza desberdinak ikusteko aukera izango dutela uste du. Iruretaren ustez, gainera, herrian bertan halako sorkuntzak ikusteak lagundu dezake gerora kultura kontsumitzeko ohiturarekin jarraitzen.
"Aurrekari handi bat" izatea nahiko luke Marina Bidasoro Kultur zinegotziak, bestalde. Euskal Herriaren kohesioa eta euskara lantzeaz gain, kultur mundua indartzeko balioko du egitasmoak, haren hitzetan.
Fito Rodriguez, Zumaian
Proiektuaren bidez, Euskal Herriko 26 herritan egin dituzte egonaldiak, eta Zumaia ere zirkuitu horren parte da. Fito Rodriguez idazleari egokitu zaio herrian obra bat sortzea, eta itzuleraren inguruko narrazio labur bat idatzi du. Hamazazpigarrenez, aidanez bilduman jaso du beste hainbat idazleren eleberri laburrekin batera, eta bilduma hori aurkeztuko du Rodriguezek Zumaian, martxoaren 23an.