Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatuko dituzte Torturaren Aurkako Egunean

Maria Maya Manterola 2022ko otsailaren 8a

Artxiboko irudian, joan den urteko Torturaren Aurkako Eguneko protesta.

"Torturaren egia iluntasunetik argira" eramateko protesta deitu du Zumaiako Sortuk. Igandean izango da, 13:00etan Saregileen plazan. Zumaian 30 tortura kasu zenbatu dituzte.

Euskal Herrian gutxienez 5.657 tortura kasu zenbatu ditu Sortuk; 30 Zumaian. Torturaren Aurkako Egunean, igandearekin, "torturaren egia iluntasunetik argira" eramateko protesta deitu Zumaiako Sortuk. Saregileen plazan izango da, 13:00ean. 

Sorturen arabera, Espainiako Estatuak "sistematikoki" erabili du tortura, "Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea ukatzeko" helburuarekin. Dena den, arduradun politikoek "zintzotasun ariketa egin" eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman ez izana salatu dute. Gainera, hainbat adierazpenek "tortura zuritu" eta arduradun politikoen inpunitateari bide eman diela dio Sortuk. Torturapeko deklarazioetan oinarrituta, Iratxe Sorzabal aipatzen ari direla ere nabarmendu nahi izan dute, bide batez. 

Torturak denboran iraunaraztea arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen "inplikazio zuzena" izan duela iritzita, ardurak onartu eta argitzeko eskatu dute beste behin ere. Gatazka politikoa ezkutatzeko ukatzen da tortura, Sorturen arabera: "Fikziozko kontakizun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen segi, eta sufrimendua eta mina betikotzeko". "Torturaren egia iluntasunetik argira eramateko" galdegin dute, "torturatuek merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" ezartzearekin batera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide