Udaleku irekietako begirale eta koordinatzaile postuetara aurkezteko epea zabaltzear

Juan Luis Romatet

Uztaileko udaleku irekietan lan egiteko deialdia zabaldu du Udalak. Udalekuetan begirale edo koordinatzaile lanak egin nahi diztuztenek bihartik aurrera izango dute izena emateko aukera. 

Udan egin ohi diren udaleku irekietarako koordinatzaile eta begirale postuetarako oinarriak eta deialdia argitaratu ditu Udalak. Izen emateko epea bihar (otsailak 11) zabalduko da, eta martxoaren 10era arte egongo da zabalik. Eskaera udaletxean zein telematikoki egin ahal izango dute hautagai izan nahi dutenek.

Udaleku irekien helburua da 3-12 bitarteko haurrentzat "gozamen espazio ludikoa eskaini eta horiekin balioak lantzea, hala nola, euskararen sustapena, autonomia pertsonala, berdintasuna edota elkarbizitza".

Begiraleen lan eskaintzaren informazioa hemen eskuratu daiteke, eta koordinatzaileena hemen. 

Merezimenduak baloratuak izateko, ezinbestekoa izango da hautagaiek, eskaera orrian (I. Eranskina), idatziz jasotzea lehiaketan kontuan hartzea nahi dituzten merezimenduak. Eskaera orrian jasota ez dauden merezimenduak ez dira baloratuko.

Eskaeran aipatzen dituzten merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien fotokopiak, aldiz, (titulu, lan-esperientzia eta bestelakoak) Udalak dokumentu hauek bere esku ez dituen kasuetan bakarrik aurkeztu beharko dituzte. Ondorioz, berriak diren agiri edo tituluak bakarrik aurkeztu beharko dira, aurrez Udalean aurkeztu ez direnak.

Lan-esperientzia ziurtatzeko kontratu laboralaren fotokopia aurkeztuko da edo erakundeak egindako ziurtagiria, eta bertan lanpostua eta iraupena era egokian jaso beharko da, bestela ez da kontuan izango.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide