Algorriko iridio kapa proposamen artistiko baterako gai bihurtu dute Nafarroan

Juan Luis Romatet 2022ko otsailaren 14a

Datorren larunbatean, hilaren 19an, Aura loci izeneko pieza aurkeztuko du Charlotte Charbonnel artistak Itzurun hondartzan. Eguerdi partean egingo da ekintza artistiko hau, San Telmo ermita azpiko leizezuloetako batean.

Zapatuan Zumaian egingo den ekintza artistiko hau Uharte Zentroak eta Co-op elkarteak Euskal Kostaldeko Geoparkearekin batera antolatu duten Rocamensia erakusketaren barruan sartzen da. Proposamen hau mugaren bi aldeen arteko kolaborazioaren emaitza da. Charlotte Charbonnel eta Xabier Erkizia haien unibertso artistikoa gai komun baten inguruan zabaltzera gonbidatuak izan ziren: "euskal kostaldeko Geoparkean kokatutako Zumaiako itsaslabarretan ikus daitekeen iridio-minerala", hain zuzen. 

Erakusketa honetan beraien proposamen artistikoak aurkeztuko dituzten bi lagun hauek labarretan egindako bisita gidatu batean parte hartu zuten. Asier Hilariok, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak azalpenak eman zizkien gero artisten lanetarako testuingurua finkatzeko. 

2022ko martxoaren 11tik apirilaren 3ra bitartean egongo da Rocamensia erakusketa ikusgai Uharte Zentroan. Aurretik, Charlotte Charbonnelek Itzurungo itsaslabarraren oinean dagoen faila harritsuaren barruan murgilduko den topaketa bat eskainiko du. Bere Aura Loci piezarekin, "dinosauroen aroaren amaiera markatu zuen denboraren agerpena eta inpresioa deituko ditu". Ekitaldi hau eguerdiko 12:00etan egingo da, eta ordubete inguru iraungo du. Denbora horretan leizezuloaren barruan egongo dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide