Garaipena erdietsi du Goikoetxeak Winter Serieren jokatutako lehen partidan

Juan Luis Romatet 2022ko otsailaren 15a

Argazkia: Jai Alai News

Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal oraindik jokatu gabe zeuden Jai Alai Winter Series txapelketan. Atzo izan zuten lehen partida, baita irabazi ere. 

B multzoko partida jokatu zuen Diego Beaskoetxeak eta Ibon Aldazabalek osatutako bikoteak Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabalen aurka. Aldazabal anaiak aurrez aurre izan ziren atzo Gernika Jai Alai frontoian. Zaletuek pilotalekuko harmailak bete zituzten: 800 bat ikuslek jarraitu zuten partida zuzenean, eta beste 200 inguru kanpoan geratu ziren frontoian sartu ezinik. Telebista bidez ikusi behar izan zuten norgehiagoka.

Txapelketa irabazteko hautagaitza aurkeztu zuten atzo Goikoetxeak eta Aimarrek. Partida gogor, landu, ikusgarri eta ia akatsik gabekoa izan zen atzokoa. Aldazabal anaien artean, Ibon gaztea ezin izan zitzazion Aimarri gailendu, eta aurreko koadroetan bikain aritu zen Goikoetxea; Beaskoetxeari ez zion ia lehian sartzen utzi. 

Bi setetan erabaki zen partida. Lehen setean aurretik jarri ziren Beaskoetxea eta Aldazabal (0-2), baina Goikoetxeak eta Aimarrak sei tanto egin zituzten jarraian (6-2), eta hortik aurrera markagailua kontrolatzen joan ziren (15-12). Bigarren seta lehenaren antzerakoa izan zen. Jokoa berdinduta zegoela, bost tanto jarraian egin zituzten Goikoetxeak eta Aimarrek (6-4tik 11-4ra pasatu ziren), eta hor ia erabakita utzi zuten seta (15-7) eta partida.

Atzo jokatu zuten bi bikoteak B multzoaren buruan daude 4 punturekin. Beaskoetxeak eta Aldazabalek bi partidak jokatu dituzte, eta Goikoetxeak eta Aimarrek bakarra. Hilaren 28an jokatuko den partidan erabakiko da zer bi bikote pasatzen diren finalerdietara. Egun horretan, bi zumaiar izango dira aurrez aurre: Arbe eta Imanol Lopez, Goikoetxea eta Aimarren aurka. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide