Joxean Sagastizabalen liburua abestiz betetako musikala bihurtu du Demode produkzioak konpainiak. Max Sarietan musikal onenaren saria jaso zuen Aitziber Garmendiak eta Patxi Barcok moldatutako lan honek. Zortzi aktore izango dira oholtza gainean, eta horien artean da Inazio Tolosa aktore zumaiarrak. Ikuskizuna izaten ari den harrerarekin gustura da Tolosa.
Musikal honetako partaide zara. Nola heldu zitzaizun lan hau?
Demode Quartet taldea dago honen atzean. Abeslariak dira, beti ere ikuskizun, show aldera egin izan dute, eta Kutsidazu bidea, Ixabel liburuaren moldaketa egitea okurritu zitzaien, baina, musikal aldera jota. Aitziber Garmendiak egin zien moldaketa bat, eta jende gehiago ere ibili da lanean. Aitaren papera egingo zuen norbait behar zuten, proba bat egin genuen, eta baiezkoa eman zidaten. Ikuskizunrako ekipoa sortu dute, abeslariekin, aktoreekin. Musikala izanda, kantatu egiten da, eta niri ere tokatzen zait abestea.
Musika gaiak jorratu dituzu Ramon Agirrerekin egindako antzezlanetan. Han ere abestuko zenuen.
Esperientzia hori badut, baina ez da erraza abestea eszenan. Nik gehiago interpretatzen dut kantatu baino, baina abestea ere tokatzen zait.
Kutsidazu bidea, Ixabel liburua izan zen lehenbizi, baina antzezlana eta pelikula ere izan da. Arrakasta badu, behintzat.
Liburua bere garaian irakurri nuen, eta oso erraz irakurtzen zen. Euskal munduaren oso barrenera doan historia bat da. Gero, moldaketa egin zuen Gorringo antzerki taldeak, eta sekulako arrakasta izan zuen. Ama begira zazuren ondoren hemen izan den antzezlan arrakastatsuenetakoa izango zen. Gero pelikula ere egin zuten. Handik ez dakit zenbat urtera hauei okurritu zaie musikala egitea. Horixe bakarrik falta zitzaion egiteko! Saria jaso genuen, arrakasta eduki du, eta oso gustura egiten dugu lan. Ekipo potentea da, zaila da gaur egun zortzi aktoreko talde bat batera aritzea. Plazerra ari da izaten.
Zuk esan duzu: musikal onenaren Max Saria jaso zuen.
Sorpresa handia izan zen. Hautagaien artean egotea nahiko saria zen, baina musikal onenaren saria eman zigutenean oso gustura geratu ginen.
Euskarazko lan bati eman zioten, gainera, saria.
Hori da. Ikuskizun hau ezin da beste hizkuntza batera itzuli. Historia hau euskaraz da, ez dago beste aukerarik.
Musikalak Joxean Sagastizabalek sortutako historia mantentzen al du?
Neurri batean mantentzen du, baina badaude asmatutako kontu asko ere. Gaur egungo bizimodura egokituta dago, eta ez da geratzen liburuan, ez da haren kopia zehatza. Autorea, hala ere, oso gainean egon da, eta gustura geratu da emaitzarekin.
Jende askok esan izan digu beraiek ere euskara ikasten aritu zirela leku horretan, Alkizan. Euskaldun peto-petoak iruditzen zaigun jende asko ibili zen euskara ikasten Alkizan eta inguruko baserrietan. Oraingo jende gazte askok ez du ezagutzen historia hau, baina nahikoa barre egiten du. Baita euskaldunzahar askok ere.
Liburua irakurri ez dutenek ere izango al dute historia honetaz gozatzeko aukera?
Zalantzarik gabe. Gurea liburuaren moldaketa bat. Gero, gazte hauek nola abesten duten! Besteok ikasi egin behar izaten dugu, baina hauek lehen egunetik etortzen dira topera, eta erraza egiten zaie, gainera. Pasada bat da.
Pandemiak gogor kolpatu du kultur mundua. Zuri ere eragingo zizun.
Nahiko eskas pasatu dugu urtea. Ikuskizun hau estreinatu eta berehala harrapatu genuen COVIDa; denok, gainera. Aste Santura arte ondo ibili ginen, baina Aste Santutik udazkenera arte ezer ez genuen saiorik izan. Orain ematen du beste emanaldi sorta bat dugula, eta uda garairako baditugu saio batzuk. Baina, horrela ibiltzeak segurtasun falta handia ematen dizu.