Mozorro festak, lehiaketak eta musika ekitaldiak izango dira Inauterietan

Maria Maya Manterola 2022ko otsailaren 17a

Musika Eskolako mozorro festa, 2020an.

Haur, gazte zein helduentzako egitarau zabalarekin itzuliko dira Inauteriak. Eskoletako haurren mozorro festak, musika ekitaldiak zein lehiaketak izango dira otsaileko azken asteburuan.

Otsaileko azken asteburuan, hilaren 25etik 27ra bitartean ospatuko dira Inauteriak, urtebeteko etenaldiaren ondoren. Mozorroek, koloreek eta festak hartuko dituzte kaleak hiru egunez. 

Herriko eskoletako haurrak izango dira goiztiarrenak, ostiralean ospatuko baititute mozorro festa. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Musika Eskolak eta Musika Bandak Brasilgo Inauteriak ekarriko dituzte herriko kaleetara. 

Larunbatean, berriz, Zumai txarangak alaituko ditu herriko kaleak goizez eta arratsaldez. Eguerdian, gainera, Astinduren kalejira ere izango da. 

Mozorro lehiaketak

Haurren mozorro festaren ondoren, 18:00etan hasiko da mozorro lehiaketa, Amaia plazan. Parte hartu nahi dutenek ordubete lehenago eman beharko dute izena. Hiru sari izango dira jokoan: banakako edo bikote onenaren saria, 0-8 urte bitartekoen talde mozorro onenaren saria, eta 9-12 urte bitartekoen talde mozorro onenaren saria.

Heldu eta gazteen lehiaketan, berriz, bi sari banatuko dituzte. Banakako edo bikote onenaren saria, 80 eurokoa; eta taldekako mozorro onenaren saria, 200 eurokoa. Parte hartzeko argazkia posta elektronikoz bidez bidali beharko dute parte hartzaileek, larunbatean bertan. Argazkia jai giroan ateratakoa izan beharko da.

Eguna biribiltzeko, Modus Operandi musika taldeak kontzertua eskainiko du Beheko Plazan.

Jainekin txaranga kalez kale arituko da igande arratsaldean. Haurrek ere izango dute zer gozatua: Aita Mariko zine aretoan Oltxiak proiekzioa izango da, 16:30ean.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiko sarrerak, salgai

Kuikui izeneko ikuskizun berriarekin etorriko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Otsailaren 28an, Inauterietako astelehenean, izango da hitzordua eta ohikoa duten bezala, bi emanaldi eskainiko dituzte, 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena.

Bigarren emanaldirako sarrerak epe laburrean agortu badira ere, Kultura Sailak azaldu duenez, 15:00etarako sarrera batzuk geratzen dira oraindik.

Sarrera hauek eskuragai daude Turismo Bulegoan eta helbide honetan.

Egitaraua

Otsailak 25, ostirala
Arratsaldean, herriko ikastetxeetako haurren inauteri festa 
18:00. Ubillosen hasita Musika Eskola eta ZUMB-Musika bandaren inauteritako kalejira: Brasil

Otsailak 26,  larunbata 
12:00-14:00. kalejira herriko kaleetan zehar.
12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan Astindu dantza elkartearen dantza-kalejira.
17:00. Amaia Plazan inauteritako mozorro festa.
18:00. Haurren mozorro lehiaketa.
18:30. Herriko kaleetan zehar kalejira.
19:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, kontzertua  Modus Operandi.

Otsailak 27, igandea
12:30-14:30. Jainekin txarangaren  kalejira herriko kaleetan zehar.
16:30. Zine emanaldia Aita Marin.

 
Mozorro lehiaketak  
- Haurren lehiaketa
18:00. Amaiako plazan.
Hiru sari:  banako/bikote onena,  taldeka 0-8 urte, taldeka 9-16 urte.
Izen-ematea:
17:00 Amaiako plazan bertan.
- Heldu eta gazteen mozorro lehiaketak (16+ urte)
Sariak: banakakoa edo bikotea 80€ eta taldea 200€.
Parte hartzeko:
 - argazkia larunbatean bidali behar da, otsailaren 26an.
 - mozorro argazkia behar du izan, jai giroan aterata.
 
Otsailak  28, astelehena
15:00 eta 17:30. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna: Kuikui.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide