Julene Azpeitiaren inguruko liburua aurkeztuko dute bihar Alondegian

Juan Luis Romatet 2022ko otsailaren 22a

Julene Azpeitia idazlearen bizitza eta obra aztertzen duen Askatasun eguzkia baino beharrago liburua aurkeztuko dute bihar arratsaldean, Alondegiko Oxford aretoan. 18:30ean izango da aurkezpen ekitaldi hau.

Xabier Altzibar Aretxabaleta ikerlariaren lana aurkeztuko dute bihar. Bertan, emakume aitzindari baten "ibilbide luze eta oparoa" jasotzen da, 1936ko Gerrak zokoratu zuena. Liburua, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitaratu du, bere Saiakera bilduman. 

Liburuaren argitaratzaileek azaldu dutenez, lau urteko lana da liburu hau. Lan honek, "emakume aitzindari baten nortasun aberatsaren, aiurri biziaren eta ekoizpen zabalaren" berri ematen du; "gerra aurreko Pizkundearen giro aberatsa, gerraren eta gerraostearen zauri sakona eta 60ko hamarkadako susperraldiaren aldaketak bizitu zituen emakumea, maiz kontraesanen mende borroka egin behar izan zuena".

900 orrialde inguruko lana da, eta Azpeitiaren bizitza eta obraren berri "samur eta erakargarri" emateaz gain, idazlearen antologia jaso du eranskin gisa, "bere hainbat ondorioren lekukotasuna emate aldera". Gerra zibilak eta Frankismo luzeak idazlearen ibilbidea eten bakarrikk ez, ezkutatu ere egin zuela diote liburuaren sustatzaileek. Zumaiarra "jaiotzez eta gogoz", Bizkaian lan egin eta bizi izan zen gehienbat eta Durango, Abadiño eta Ea herriekin lotura bizia izan zuen. Ia bere bizitza bezain luzea da (1888-1980) bere idazle ibilbidea: 1907. urtean hasi eta heriotzak eraman zuen arte luzatu zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide