Zumaiako IV. Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua abiatu dute

Juan Luis Romatet 2022ko otsailaren 22a

Ezkerretik, Elhuyarreko Eli Etxabeguren, Maider Alberdi berdintasun zinegotzia, Karmele Gomez berdintasun teknikaria, eta Ainhoa Illarramendi zinegotzia. Argazkia: Juan Luis Romatet

Bi fasetan banatuko da lanketak, eta plan berria 2023. urte hasierarako indarrean egotea da helburua. Planak "errealista, gertukoa eta eragingarria" izateko asmoa duela iragarri dute

Zumaiako Udalaren laugarren Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua abiatuko dute hilabete honetan. Gaur egun indarrean dagoen plana, hirugarrena, agortzear da dagoeneko, eta 2023. urte hasierarako laugarrena indarrean izatea da udal agintarien asmoa. 

Urte hauetan guztietan aldaketa handiak sumatu dituztela adierazi dute gaur udal ordezkariek planaren berri emateko egindako agerraldian. Aldaketa horiek, besteak beste, Emakumeon* Etxearen sorrerak eta pandemiak markatu dituztela azaldu dute. Hala, geldialdi bat egin eta azken urteotan egindako lana baloratzeko beharra ondorioztatu dute, "egoera berrira egokituko den plan berri bat diseinatzeko". 

Plan berria idazten hasi aurretik aurretik egindako lana ebaluatuko dutela azaldu dute, "azken urteetan berdintasunaren eremuan zer egin den aztertzeko, eta ikaspenak ateratzeko". Jarraian, Zumaiako "egungo egoera ezagutzeko eta hurrengo urteetarako berdintasunaren eremuan dauden lehentasunezko erronkak identifikatzeko" tartea hartuko dutela ere iragarri dute, "arreta berezia jarrita herriko emakume anitzek egun bizi duten egoeran". Amaitzeko, laugarren plana diseinatzeari ekingo diotela azaldu dute, "«egun dauden beharretan eta orain arteko lanetik ikasitakoan oinarrituta".  

Lau urtez, 2023tik 2026ra bitartean indarrean egongo den plan berria "errealista, gertukoa eta eragingarria" izatea nahi dutela aurreratu dute, "udaleko eta udalerriko beharretara egokitua". Diseinu lan honetan herritar ororen; Berdintasun Foroko, Emakumeon* Etxeko eta Mugimendu Feministako kideen, udaleko langileen eta ordezkari politikoen ekarpenak eta iritziak jasoko dituztela gaineratu dute. "Era horretan, berariaz herriaren eta herritarren beharrei erantzungo dien plana plana landu ahal izango dugu".

Lanketa bi fasetan

Elhuyar bidelagun dela diseinatuko dute laugarren Berdintasun Plana, eta bi fase izango ditu. Lehenengoan, orain arte egindako lanaren balorazioa egingo dute, eta egungo erronka nagusiak zein diren identifikatu. Dokumentazioa jasotzeaz gain, partaidetza zuzena izan duten eragileen ikuspegia ere jasoko dutela aurreratu dute, «zer indartu eta zeri eman behar zaion segida» identifikatzeko. Ekainera bitartean egingo da fase hau. 

Bigarrena irailetik abendura bitartean egingo da, eta egindako balorazioetatik eta identifikatutako erronketatik abiatuta, horiei aurre egiteko helburuak eta neurriak landuko dituzte.

Bietan ere, herritarrekin, zuzeneko eragileekin eta udalekoordezkari eta teknikariekin bilduko direla iragarri dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide