Bart zendu da Abelin Linazisoro idazle, aktore eta euskaltzale zumaiarra, 79 urte zituela, eta hura ondo ezagutzen zuten hainbat herritarren adierazpenak bildu ditu BALEIKEk.
Miriam Romatet, Kultura teknikaria
"Abelin tematia zen oso, hitzaren zentzu onenean, eta hori azpimarratuko nuke harengandik. Zinema zuen pasio, hori transmititu egiten zuen, eta oso saiatua zen. Hori beharrezkoa da gurea bezalako herrietan, eta askotan, egunerokotasunean sartuta zaudenean, galdu daitezke ahalegin horiek, eta berak pasio hori bazeukan, eta beragatik ez balitz, hainbat kontu ez ziratekeen berdin joango.
Lan handia egin du zinemaren alde herrian, ez bakarrik zine forumari lotuta. Orokorrean kulturaren alde lan asko egin du, eta ni oso eskertuta nago hainbeste urtean izan dugun harremanagatik. Kultura teknikari izan aurreko harremana, gainera, zine forumetik ezagutzen genuelako elkar".
Jon Maia, kulturgilea
"Abelinengandik dudan oroitzapen sakonena izango da gure gurasoekin batera–kuadrillakoak ziren– elkarte gastronomikoan kantu zaharrak abesten, Zumaiako kantuak... Beti transmititu izan digute altxor hori: kultura, identitatea, herri sentimendua... Belaunaldi hori Frankoren aurkako borrokatik datorren belaunaldia izan da, eta gu garen sua piztuta mantendu duen belaunaldi bateko parte izan da Abelin.
Herrigilea izan da Abelin, euskaltzalea, oso zumaiarra, eta gorputz txiki batean historia handia izan duen pertsona. Oso gertu sentitu izan dut beti Abelin, eta beti umorez".
Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea
"Bistakoa da Abelinek herrigintzan eta herriaren alde lan asko egin duela. Batez ere ezaguna izan da euskararen alde egin duen lanagatik, baita beste arlo batzuetan egindakoagatik ere, esaterako, zine forumaren hasieran etab. Azken batean, Zumaian pertsona inportantea izan da, lan asko egin duena, eta pena da herriarentzat halako balioa galtzea".
Xabier Azkue, Baleike Kultur Elkarteko eta euskalgintzako kidea
"Zumaiatik kanpoko jendeak batez ere Goenkale telesailean egindako lanagatik ezagutuko zuen Abelin, eta beste batzuek, hark idatzitako eleberriengatik ere bai, baina inguruko lagunok badakigu nola bizi zuen zinemagintza, eta zenbat lan egin zuen alor hori Zumaian bultzatzen.
Hala ere, herriko kontuak biltzen eta zabaltzen egin zuen ekarpena azpimarratu nahiko nuke; batetik, adineko jendea elkarrizketatu eta gerraosteko bizimoduaren eta gertaeren berri ematen, gure aldizkariko Gure Zumai zarra atalean; bestetik, Zumaiako hitz eta esaera bereziak ere asko bildu zituen, eta oinarri ederra utzi zigun gai hori lantzen jarraitzeko. Laburbilduz, herriari ekarpen handia egin dio Abelinek".
Roberto Gutierrez, Ostarrena Zine Klubeko kidea
"Baleike eta zine kontuetan ezagutu nuen Abelin orain 15 urte inguru, eta segituan iruditu zitzaidan konplizitate berezia genuela elkarrekin. Nire aitaz hitz egiten zidan, Arroako fabrikan ezagutu zuela kontatu zidan, eta hori niretzat oso berezia izan zen. Hainbat abenturatxo izan genituen, beti borroka, zinea eta bestelako pasadizoetaz berriketan. Ahal izan duenera arte Korrika guztietan parte hartu du, eta azken urteetan elkarrekin ibili gara bertan. Irratsaio batera ere joan ginen Zarautzera, soinu-bandetaz aritzera…
Hainbat eta hainbat zine bileratan eztabaidatu eta barre egin dugu. Asko gustatzen zitzaidan berarekin egotea zinean esku-paperak banatzen, biok txapelarekin, bera beti irrifartsu azken pelikulak komentatzen… Azken urte honetan ez da etorri Ostarrenako bileretara, baina gehienetan zinera bazetorren, bere alaba Ihintzek lagunduta, orain oso gutxi arte. Niretzat maisua eta laguna izan da. Agur eta ohore, Abelin!"