Talogileak, magoak edota pop izarrak. Askotariko mozorroek jantzi dituzte Zumaiako kaleak. Haur, gazte zein heldu, gogotik ospatzen ari dira Inauteriak herrian: goizeko txarangaren ondotik, arratsaldean jarraitu du festak, eguraldia lagun.
Amaia plazan mozorro festa izan da arratsaldean, etxeko txikienen gozamenerako. Musikaren erritmora dantzatu dute, eta behin giroan sartuta, mozorro lehiaketari eman diote hasiera. Banaka, bikoteka nahiz taldeka parte hartu dute haurrek, eta mozorroak soinean, gogotik egin dute dantza.
Zumai txaranga kaleak alaitzen aritu da, bestalde. Beheko plazan ere musika izango da nagusi, Modus Operandi taldearen kontzertua izango baita iluntzean.