Goikoetxea finalerdietara, Lopez etxera

Juan Luis Romatet 2022ko martxoaren 1a

Dagoeneko erabakita daude zer lau bikotek jokatuko dituzten Jai Alai Winter Series txapelketako finalerdiak.

Jai Alai Winter Serieseko ligaxkako azken jardunaldia jokatu zen atzo Gernikako frontoian. Sarrerak agortuta zeuden bezperatik, eta harmailak bete egin ziren ikuskizuna jarraitzera inguratu ziren zaletuekin. 

A multzoko sailkapena erabakita, B multzotik finalerdiak zer bi bikotek jokatuko zituzten erabaki zen atzo. Arbek eta Imanol Lopezek osatutako bikotea, Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimarren aurka aritu ziren. Arbek eta Lopezek ez zuten erraza hurrengo fasera sailkatzea; lehen jardunaldia galdu ondoren, 2 set eta 0 emaitzarekin irabazi behar zuten; horrez gain, hamar tantoko aldearekin irabazi behar zuten finalerdietara sailkatzeko.

Urdinak (Arbe eta Lopez) aurretik jarri ziren bi eta bi tantoko aldearekin (0-1, 1-2, 2-4), baina Goikoetxea asko izan zen lehen setean. Gorriek, lehenbizi, bost tantotara berdindu zuten, eta, ondoren, beste bost tanto egin zituzten jarrian (10-5) Lopezek urdinen agintea hartu zuen eta pilota atzeratzen saiatu zen. Hala ere, seta gorrien aldeko 15-10 emaitzarekin amaitu zen. Une horretan Goikoetxea eta Aimar finalerdietarako sailkatuta zeuden, eta Arbe eta Lopez kalean.

Hala ere, urdinek garaipena erdietsi nahi zuten txapelketako beraien azken partidan, eta lortu zuten. Goikoetxeak jokoaren intentsitatea jaitsi zuen, eta urdinak erosoago agertu ziren kantxan. Aukera gehiagorekin eta galtzeko ezer eduki gabe, Arbe gehiago arriskatu ahal izan zen errematatzeko orduan. Seta nahiko erraz irabazi zuten, 8-15, eta hirugarren setean ere antzera jarraitu zuten, 3-5. 

Ligaxka amaituta, honela geratu dira bi multzoak:

  • A multzoa: Erkiaga-Zabala (7 punto), Olharan-Etcheto (3 punto), Barandika-Lekerika (2 punto).
  • B multzoa: Goikoetxea-Aimar (5 punto), Beaskoetxea-Aldazabal (4 punto), Arbe-Lopez (3 punto).
Martxoaren 7an eta 14an jokatuko dira txapelketako finalerdiak. 
  • Martxoaren 7an: Erkiaga-Zabala (A multzoko lehenak) vs Beaskoetxea-Aldazabal (B multzoko bigarrenak).
  • Martxoaren 14an: Olharan-Etcheto (A multzoko bigarrenak)  vs Goikoetxea-Aimar (B multzoko lehenak).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide