Martxoaren 10ean Zumaiako Udalean egitekoa den ezohiko udalbatzarrera eraman nahi dute "herritarrei oro har, eta batik bat, adinekoei bankuek ematen dieten zerbitzu txarraren" inguruko mozioa. Abusuzko klausulez, diru publikoarekin erreskatatzeaz nahiz informatizazioaz eta digitalizazioaz aritu dira idatzi horretan, Zumaiako Pentsiodunen Mugimenduak azaldu duenez. "Arreta pertsonal zuzena ezabatzea, ordutegiak murriztea, eta kasu askotan, bankuen bulegoak ixtea" pairatzen dituzte herritarrek eta, bereziki, adinekoek.
Horregatik guztiagatik, Udalbatzari eskakizun zuzenak egin nahi dizkiote, "banku pribatuek sortzen dituzten arazoak konponduko dituen banku publiko baten beharra" nabarmenduta. Alde batetik, Zumaiako bankuerakunde guztiek leihatila bat izatea galdegin dute, 65 urtetik gorakoei lanaldi osoan aurrez aurreko zerbitzua lehentasunez bermatzeko. Gainera, adinekoek zordunketa-txartelak inolako baldintzarik edo eskakizunik gabe eskuratu ahal izatea exijitu dute.
Bezeroen ilarak kaleko aire zabalean saihesteko neurriak hartzea ere eskatu dute, bide batez. Era berean, finantza-kalteberatasuneko edo bazterketarako egoeran dauden kolektiboentzako oinarrizko ordainketa kontuak izan daitezela nahi dute, kontu horiek eskatzen dituenari aurkeztu beharreko dokumentazioa sinplifikatuta.
Espainiako Bankuari ere zuzendu zaie, bankuak betetzen dituen funtzio pribatu eta publikoen artean "alde nabarmena" ezar dezala eta, doakotasuna, edo halakorik ezean, gutxieneko komisio bat eskain dezala galdegiteko. Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari, Espainiako Bankuari eta euskal erakundeei banku pribatuarekin bateragarria den Banka Publikoa eratzea nahi dute pentsiodunek.
Udala bitartekari
Zumaiako Udaleko osoko bilkurak aipaturiko eskakizun horiek udalerriko banku erakundeei zein gainerako instituzioei helaraztea nahi dute mozioaren bitartez.
Oro har, "banketxeek beste jarrera bat izan dezaten" eskatu nahi dute, Bittor Bengoa Zumaiako Pentsiodunen Mugimenduko kidearen arabera. "Gauza asko makinetan edo Internet bidez egin behar izaten dira, eta adineko askok ez dakigu hori egiten. Arreta pertsonala galdu da. Gauza bera ari da gertatzen Osakidetzan. Teknologia garatu arren, arlo askotan atzeraka goaz", salatu du Bengoak. Haren hitzetan, "begi bistakoa" da arrakala digitala, eta administrazioak zerbitzu egokia eman beharrean, "geroz eta petralagoa" da.
Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala eta Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipala –bi erakundeen bateratzearekin sortu zuten Kutxa– gogoratu du: "Lehengo garaiak nostalgiarekin gogoratzen ditugu adinekoek, oraingoarekin alderatuta, arreta pertsonalago bat zegoelako".
Eskakizunak Zestoan eta Azkoitian ere
Azkoitiko PSE-EEk kontsumitzaile zaurgarriei arreta "pertsonalizatua, hurbila eta azkarra" emateko eskatu zuen otsailaren 25eko udal osoko bilkuran aurkeztutako mozioan. Ildo horretatik, Azkoitiko Udalari lan bat ezarri zion: herrian presentzia duten enpresei eta erakundeei horren berri ematea. Era berean, ematen dituzten zerbitzuak edo produktuak kontratatzeko sistema digitalak edo makinak erabiltzeko derrigortasuna saihesteko eskatu zien talde sozialistak enpresei, baita kalean itxaroteko denborak ekiditeko ere.
Sei puntuko mozioa zen Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSEEEko zinegotziak aurkeztu zuena, eta EAJk eta EH Bilduk PSE-EEk mozioaren alde bozkatu zuten; Azkoitia Baik, aldiz, ezezko boza eman zuen.
Zestoan, berriz, herritarrek egin dituzte eskakizunak, Zestoako Pentsiodunen Plataformakoen deiari erantzunez. Otsailaren 14an Zestoako Kutxabanken bulegoaren aurrean egin zuten elkarretaratzea 50 bat lagunek, "adinekoen eskubideak errespetatzea" eskatzeko. Pentsiodunen Plataformak beren eskaerak babesteko sinadura bilketa ere egin zuten otsailean zehar. Guztira, 140 sinadura lortu zituzten, eta gustura agertu dira erantzunarekin, Zestoarako "marka oso ona" dela iritzita. Kutxabanken entregatu zituzten sinadurak.