2022ko martxoaren 8a

Martxoaren 8aren harira hilabete osorako egitarau zabala antolatu dute herriko eragileek eta udalak

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 3a, 10:30

Martxoaren 8ko protesta baten irudia, 2019an.

Mobilizazioa, jardunaldiak nahiz ikuskizunak izango dira hil honetan zehar. Berdintasun Sailak zaintzaren gaiari helduko dio; zaintzaren arkitekturaz nahiz elkar zaintzeko sistema publiko-komunitarioez arituko dira. 

Askotariko egitaraua antolatu du beste urte batez udalak herriko eragileekin –Malen Etxea, Zumaiako Mugimendu Feminista eta Emakumeon* Etxea– elkarlanean Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Hilabete osoan zehar mobilizazioak, jardunaldiak zein ikuskizunak izango dira. 
 
Gaur izango da lehenbiziko hitzordua. Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik Luze edo motz hizketaldia eskainiko dute Emakumeon* Etxean, 19:00etan hasita. Generoa ardatz hartuta, gizartea zertan geratzen den luze edo motz hausnartuko dute, umore ukitu batekin, beti ere. Hilerokoa, menopausia, ligatzeko teknikak zein sexua aipatuko dituzte hizketaldian, besteak beste. 
 

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, kaleak betetzeko deia egin du Zumaiako Mugimendu Feministak. Feminismoa, dena aldatzeko lelo hartuta, Beheko plazatik abiatuko da mobilizazioa, 19:00etan. 

Emakumeen* Etxea ezagutzeko parada izango dute, gainera, Zumaiako eskoletako ikasleek. Hilaren 7an, 8an eta 9an egingo dizkiete toki hori ezagutzeko bisita gidatuak. 

Zaintza mahai gainera

Berdintasun Sailak, bere aldetik, zaintzaren gaia mahai gaineratuko du. Ana Fernandez Cubero arkitektoa Zumaian izango da hilaren 17an eta 18an. Zaintzaren arkitekturaren inguruan arituko da lehen saioan; oinarrizko kontzeptuak azaldu, eta horiek Zumaian lurreratzeko solasaldi gidatua eskainiko du adituak. Herriko gabezia eta indarguneak aztertuz, Zumaian zaintzaren egoeran dagoen egoeraren inguruko diagnostikoa egingo du bigarren hitzorduan. Bi saioak gazteleraz izango dira. 

Apirilaren 6an helduko diote berriz ere zaintzaren gaiari. Emagin taldeko formatzaile Miren Arangurenek "elkar zaintzeko sistema publiko-komunitarioa" izango du mintzagai. 

Egitaraua 

Martxoak 3, gaur
19:00. 
Luze edo motz ikuskizuna. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai. Emakumeon* Etxean, euskaraz. 

Martxoak 7, 8 eta 9
Eskolako ikasleen bisitak Emakumeon* Etxera.

Martxoak 8, asteartea
19:00. 
Manifestazioa, Beheko plazatik. Zumaiako Mugimendu Feministak deituta. 

Martxoak 17 eta 18
Zaintzari buruzko jardunaldiak.
Martxoak 17, osteguna
18:00. 
Arquitecturas del cuidado. Ana Fernandez Cubero. Emakumeon* Etxean, gazteleraz. 

Martxoak 18, ostirala
18:00. 
Sosteniendo la vida en común en Zumaia. Ana Fernandez Cubero. Emakumeon* Etxean, gazteleraz. 

Apirilak 6, asteazkena
18:00. 
Elkar zaintzeko sistema publiko-komunitario baterantz. Udalerrien erronkak. Miren Aranguren, Emagin. Emakumeon* Etxean, euskaraz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide