Herritar ugari gerturatu zen atzo Hogarrera, Zkoop programaren lehen saiora. Programa bera aurkeztu zuten bertan, Zumaia ekonomia sozialerantz izenburupean, eta Iñaki Ostolaza alkatearen arabera, "ekonomia lantzeko beste bide bat" hasi nahi dute jardunaldiokin.
Olatukoopeko kide Gorka Juliok hartu zuen hitza ondoren. Juliok azaldu zuen coworking erako espazio bat sortuko dela Hogarrean bertan. Zkoop fabrika datorren astelehenean hasiko da –dagoeneko izena eman du zenbait kidek, eta oraindik ere eman daiteke–, baina aurrez "jardunaldiaren oinarriak" jarri nahi zituztela azaldu zuen. Ekonomia sozialean interesa duen oro gonbidatu dute saioetan parte hartzera.
Hiru esperientzia
Ondoren, Leire Udabe bideratzailearen eskutik ezagutu ahal izan ziren ekosistema eraldatzaileak sortu dituzten hiru esperientzia. Gartzen Garaio, esaterako, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaz aritu zen: proiektu berrituaren garapenerako baliabidea da Laudioko industrialdean kokatutako egoitza soziala. Faktoria komunitate proiektua eskualde osoan garatzeko tresna integrala izango da, ildo eta zerbitzu berrien aterpe eta epizentro: haur eta familientzako espazioak, ekonomatua, kulturarako oholtza, lantokiak... Kooperatibak dituen 250 bazkideen ekarpen ekonomikoari esker, Laudioko industrialdean kokatutako pabilioia eskuratu du, eta atontzeko lanei ekingo dio udaberritik aurrera. Obra-inbertsioak baina, proiektura batu eta euren ekarpena egingo duten bazkide gehiagoren beharra duela azaldu zuen Garaiok.
Azpeitiko kulturaz eta Elikaguneaz aritu zen, bestalde, Josu Labaka. Haren hitzetan, kulturaren inguruko lanketan herritarren eskari bat zen, eta udalak horri erantzun zion. Herritarren behar eta antolakuntzatik etorri zen ideia, eta horren bidelagun izan da udala.
Elikagunearen kasuan, Labakaren arabera, alderantzizkoa izan zen bidea. Azoka zaharkituta zegoen, baserritarrak joaten, 2008ko krisiaren ondorioz egoerak okerrera egin zuen... Ekonomiari bultzada lehentasunetako bat izanik, eta industriaren sustapena baztertu gabe, azoka biziberritzeko asmoa azaldu zuten, eta udalaren lanketaren, ondotik herrian kooperatiba bat sortu. Gaur egun, Azpeitiko Elikagunean herritarren beharrak asetzeaz gain, sentsibilizaziorako nahiz formaziorako gunea dela azaldu zuen Labakak.
Biziolako Nora Elortzak hartu zuen hitza, azkenik. Goierrin Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioetan lanean dabiltzan proiektuak saretu eta gizarteko gainontzeko herritar eta eragileekin batera eskualdean eraldaketa soziala bultzatzeko sortu dute Biziola. Etorkizun bizigarriago bat eraiki nahi dute, eta erronkez hausnartzeaz gain, proiektu konkretuak martxan jarriz erronka horiei elkarrekin erantzun nahi die.
Saioak, astelehenetik aurrera
Martxoaren 7tik apirilaren 4ra bitartean, proiektu profesional bat edo ekimen sozioekonomiko bat martxan jarri nahi dutenei zuzendutako ikastaroa emango da. Bost saio egingo dira, astelehenetan, 17:00etatik 20:00etara bitartean, gizarte zentroan. Formazio saio hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, zkoop@olatukoop.eus helbidera idatzita. Edozein zalantza argitzeko, 645 71 95 19 telefono zenbakira deitu daiteke.
Saio hauek amaitu ondoren, bizpahiru proiektu aukeratuko dituzte, eta bidelaguntza izeneko faseari ekingo diote. Aurkezpenean iragarri zuentez, ideiak proiektu bihurtzeko tutoretza eskainiko zaie aukeratutako proiektu horiei.
Bitartean, proiektua hartuko duen espazioa atonduko du udalak gizarte zentroan. "Proiektua sustraitu ahala, gunea handitzeko aukerak aztertuko ditugu aurrerago", gaineratu dute.