Aisialdiaren inguruko diagnostikoa lantzen aritu da Haurren Kontseilua pasa den irailetik. Lehenengo saioan "aisialdia" hitza elkarrekin definitu zuten eta mapa kontzeptual bat sortu zuten. Bigarren saioan Zumaian aisialdiaren alorrean dauden indarguneak identifikatu zituzten, eta ariketa berdina egin zuten hurrengo saioan, baina begirada ahulguneetan jarrita. Udalak azaldu duenez, ekainean berrekingo diote hausnarketa prozesu horri.
Iñaki Ostolaza alkateak bisita egin zien otsaileko bileran, eta Mariantongo parke berriak izango dituen ezaugarriak zehaztea eskatu zien. 2Zumaiako Udalak 2022ko aurrekontuetan txertatu zuen Marianton parkea berritu eta estalpea egiteko beharrezko aurrekontua, eta gehien erabiliko dutenak haurrak izanik, haiek zehaztuko dituzte irizpideak, ondoren parke berriaren proiektua egiteko", azaldu du udalak. Gaineratu duenez, haurrek dagoeneko identifikatuta zuten Zumaian parke estaliak behar zirela. Haurren Kontseiluko kideek erronkari erantzun diote, eta dagoeneko hasi dira parkearen ezaugarrien eta jolas moten inguruan hausnartzen. Bi saio erabiliko dituzte parkea diseinatzeko.
Zumaiako hiru ikastetxeetako hamalau haurrek osatzen dute Zumaiako Haurren Kontseilua. 9 eta 11 urte bitartean dituzte, eta alkateari proposamenak eta aholkuak ematen dizkion organo moduan funtzionatzen du.