Jon Argoitia: "Jokatzea gustuko nuen, baina entrenatzaile izatea betidanik izan nuen buruan"

Juan Luis Romatet 2022ko martxoaren 6a

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Ez du lanbidea, baina makina bat ordu eskaintzen dizkio Jon Argoitiak (Zumaia, 1972) pasio duen saskibaloiari. Jokalari hasi zen, eta orain Iraurgiko 14-15 urteko neskak entrenatzen ditu Azpeitian.

Saskibaloia pasioa duzu, zaletasuna baino gehiago.

Zaletasunarekin hasi zena, pixkanaka, pasio bihurtu da. Denbora pasa askorekin gertatzen den bezala, sakontzen joaten zara, ikusten, irakurtzen, ikasten.

NBAko partidak ikusteko goizaldean jaikitzen al zinen?

Askotan. Zuzenean ikusten nituen, edo grabatuta geroago. Gasteizera askotan joaten ginen partidak ikustera, eta gero Errege Kopa ikustera joaten hasi ginen, kuadrillan. Malagara, Sevillara, Zaragozara... Gero, liburuak erosten hasi nintzen, solasaldietara joaten, jendeak nola entrenatzen zuen ikusten...

Askok ez dute jakingo Zumaian saskibaloi taldea izan zela.

Gure kuadrilla beti saskibaloian ibiltzen zen. Orain alkatea den Iñaki Ostolazaren kuadrillaren aurka jokatzen genuen askotan, eta 17 urterekin-edo taldea osatzea pentsatu genuen. Iñakik monitore titulua atera zuen taldea atera ahal izateko. 1990. urte inguruan-edo aterako zen. Urte horretan berak ezin izan zuen jokatu; guk jokatu genuen, eta bera izan zen entrenatzailea. Hamar bat urte iraun zuen, gero pare bat urteko hutsunea egon zen, eta gero jarraitu egin zuen.

Jokalaria izan zinen, baina entrenatzaile izateko gogoa zenuen.

Sei bat urtez jokatuko nuen, eta urte batzuetan jokalaria izateaz gain, entrenatzailea ere izan nintzen. Jokatzea gustuko nuen, baina entrenatzaile izatea betidanik izan nuen buruan. Jokalari batek kantxa barruko sentsazioak ezagutuko ditu, baina jokoa modu global batean ikusteko, hori, zalantzarik gabe, hobeto ikusten da aulkitik.

Entrenatzaile izateko titulua beharko zen, bada...

Soldaduska egitea tokatu zitzaigun. Objektore egin ginen, eta zerbitzua Saskibaloi Federazioan egin genuen. Astean bizpahirutan joaten ginen Federaziora, eta han ikastaro batzuk egin genituen. Han atera genituen monitore eta epaile izateko tituluak, eta haiekin egin genuen aurrera.

Zumaian hasi zinen entrenatzaile, eta orain Azpeitian zaude.

Zumaian kadeteen talde bat ateratzen saiatu ginen, baina ez zen ondo irten. Handik gutxira senior mailako taldea ere desagertu egin zen. Gerora, Zarautzen bi urte egin nituen entrenatzaile. Seme-alabak jaio zirenean saskibaloia utzi nuen. Hiru bat urte edo izango ziren. Justu orduan deitu zidan Euskadiko Federazioko koordinatzaileak infantil mailako Euskadiko hautatzaile izateko. Proba egin eta sartu egin nintzen. Iker Irribarria pilotaria izan zen entrenatu nuen jokalarietako bat. Gero, Azpeititik deitu zidaten entrenatzaile bat behar zutela-eta, eta hor berriro hasi nintzen. Alaba ere hasi zen saskibaloian, eta orain semea hasi da. 

Adin txikikoak entrenatu dituzu. Senior mailakoak ere bai?

Zumaian hiru urte egin nituen seniorren entrenatzaile, eta bukatu zenean Azpeititik deitu zidaten. Entrenatzaile titulu nazionala ateratzera joan ginen Iraurgiko lehen taldeko entrenatzaile Lolo Encinas eta biok, Madrilera. Berez, kadete mailako taldea hartu behar nuen, baina bere laguntzaile izateko eskatu zidan Encinasek. Lehen nazionaletik EBA ligara igo ginen, estatuko hirugarren maila zenera, eta hor bai, hor helduekin egin nuen lan. Aurkarien informazioa biltzen aritzen nintzen garai hartan.

Txikiekin gustura zaude, edo izango zenuke gogoa handiekin aritzeko?

Txikiak esponja batzuk dira eta esaten zaien guztia irensten dute. Batez ere, kimuen eta infantilen mailetan. Denbora gutxian hobekuntza handiak ikusten dituzu. Baina lehiatu nahi baduzu... EBA mailako talde hura entrenatu nahiko ote nuen? Bada, bai. Baina ez zen gertatu.

Neska taldea entrenatzen duzu orain.

Teknikoki eta taktikoki lan berdina egiten saiatzen naiz neskekin zein mutilekin. Gero, taldea eramateko orduan, desberdintasunak ikusten ditut: neskek galdera batzuk egingo dizkizute, mutilek egingo ez dituztenak. Baina, oso gustura nago eta asko ikasi dut beraiekin, bai psikologia aldetik, bai taldea nola eraman. Zortzi bat urte zituztenean hartu nuen talde hau, eta orain 14-15 dituzte.

Pandemiak izan al du eraginik taldean?

Nik eraman dudan taldean ez. Asteburuan partidarik ez duzunean, lehiarik ez duzunean, oso zaila da astean hirutan entrenatzea; neska hauek, baina, primeran entrenatu dira. Noski, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumaiako neskak ditut, eta herriren bat gorrian zegoenean, ezin ziren entrenatzera joan. Baina denok elkarrekin egoteko aukera genuenean, ez zuten hutsik egiten. Inork ez du utzi taldea, gainera.

Entrenatzeko materiala biltzeko orduan, ez du zerikusirik izango gaur egungo munduak edo orain 25 urtekoak.

Youtube eta halako plataformekin nahi duzun informazio guztia duzu orain. Orain 25 urte hasi ginenean ez genuen halako ezer. Azken finean, autodidaktak izan gara. Saskibaloian hasi ginenean ez genuen entrenatzaile talderik ikasten joateko. Nik, konfinamenduan, auskalo zenbat partida ikusi ditudan. Partidak ikusten ere asko ikasten da, baita beste kiroletako partidak ikasten: taldea nola kudeatzen duzun, etab. Orain etxea txukuntzen gabiltza, eta saskibaloiaren inguruko liburu pila bat agertu da. Emazteak esan dit: “Hemen dagoenaren % 10 baldin badakizu...”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide