"Kalitatearen bila goaz"

Berria-Aitor Manterola Garate 2022ko martxoaren 6a

Telmo Deunekoak, iaz Bilbon.
Hondarribiako traineru jaitsieraren bezperetan hitz egin zuen Berria egunkariko kazetari zumaiarrak Jokin Gijarro herrikidearekin. Jaitsierak zertarako diren eta udarako bidean zer funtzio duten azaldu zuen Gijarrok, Zarauzko mutilen taldeko eta Zumaiako nesken prestatzaile fisikoak.

Udan azaltzen dira traineruak lehia ofizialera. Lau urtaroetatik bakarrean aritzen dira elkarren aurka. Udazkenaren zati bat, eta negu zein udaberri osoa prestatzen aritzen dira arraunlariak udarako. Luzea da gorputzak doitzeko bidea. Hori arintzeko eta prestakuntzaren barruko beste ariketa baten moduan, traineru jaitsierak izaten dituzte negutik uda artean.

Euskal Herrian, dagoeneko, jokatu dituzte hiru: Portugaletekoa, Sestaokoa eta Oriokoa. Etzi [atzo] dute Hondarribikoa, eta hilaren 26an, Pasai San Pedrokoa. Lehia ere badira estropada horiek, baina udara begirako prestakuntzaren zati dira gehiago. Besteak beste, erreminta eraginkorra prestatzaile fisikoentzat, udazkenetik hasten den bide amaigabe horien diseinatzaileentzat.

Jokin Gijarro (Zumaia, Gipuzkoa, 1987) da horietako bat. Telmo Deun traineruko patroi ohiak bere betiko taldeko emakumezkoen multzoa doitzen du fisikoan, Kike Manterola entrenatzailearekin elkarlanean, eta Zarauzko gizonezkoen prestakuntzaren ardura ere badu, Asier Puertas entrenatzailearekin bat. Inork baino hobeto daki udara begirako trabesia luzean zein fasetan dauden: «Oraindik bolumena edo karga sartzen ari gara. Baita intentsitatea ere tarteka, kalitatea esaten zaion hori». Hain justu, jaitsieretan lortu nahi izaten duten hori «Kalitatearen bila joaten gara estropada hauetan».

Irakurri artikulua osorik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide