Aldarriz eta borroka grinez bete dituzte bazterrak beste behin ere zumaiarrek Martxoaren 8an. Beheko plazatik abiatuta, herriko kaleak zeharkatu ditu mobilizazio jendetsuak, banderak eta zapi moreak soinean.
"Feminismoa dena aldatzeko beharrezkoa dela" aldarrikatu dute, baita zaintza lanak produktiboak eta politikoak direla ere, "pandemia urte hauetan zehar agerian geratu den bezala, beharrezkoak baitira bizitzak sostengatzeko". Gaur egungo zaintza eredua emakumeen eta bereziki, emakume migratuen gain-esplotazioan oinarritzen dela gaineratu dute mobilizazioaren amaierako irakurketan.
Horren aurrean, "bizitzaren sostengurako ardura kolektiboa" galdegin dute, "zaintzen antolaketa soziala politika publikoen zehar-lerroa izan dadin", eta ez dadin emakumeen gain erori. Era berean, "publikoa, doakoa eta integrala" izango den zaintza sistema exijitu dute. Kalitatezko osasungintza publikoaren alde ere egin dute gaurkoan, erresidentzietako langileen borroka aipatzearekin batera.
"Den-dena" aldatzeko bide horretan, feminismoa ezinbesteko tresna da, gaurko mobilizazioko deitzaileen ustez. "Demagogia eta zuriketa morea instituzio nahiz boteredunen ahotan dabilen honetan, zinez uste dugu feminismoa eta elkarren arteko sareen bidez baino ez dugula lortuko egungo inertziak haustea", azaldu dute. Bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko bidea feminismoa da, antolatzaileen arabera, eta bide horretan, lan kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dute, "sareak indartzeko eta elkarren borrokak partekatzeko".
Kolektiboki erantzuteko, Emakumeon* Etxea
Zentzu horretan, iaz ateak zabaldu zituen Emakumeon* Etxea "garaipen handia" dela aipatu nahi izan dute: "Elkar ezagutzeko espazioa da, ahalduntzekoa, norberaren gatazkak erdigunean jarri eta kolektiboki erantzuteko gaitasuna eskaintzen duena. Feminismoa zerbait bada elkar-zaintza, borroka eta eraldaketa da, eta Zumaia feministago baten bidean, emakume guztiona den etxeak indartzeko eta baliabide berriak sortzeko aukera ematen digu. Iraultza feministak bizitza politizatzea eskatzen du, egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea, gure gorputzak arautzen dituzten botereez kontzientzia izan eta errotik eraldatzeko prest egotea".
"Denak aske izan arte"
Amaitzeko, eraso matxisten inguruan aritu dira. Deitzaileen hitzetan, "onartezina" da emakume bakar bat gehiago eraila izatea eta indarkeria, oro har. Instituzio publikoei zuzendu zaizkie: "Indarkeria honen erantzule dira, ez baitituzte baliabide nahikoa jartzen ez arretan ezta prebentzioan ere". Eta, azkenik, "eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista" defendatzen jarraituko dutela argitu dute: "Aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!".