Auzoetako behar eta proposamenak landuko dituzte martxoaren 15ean

Mireia Galarza Bastida 2022ko martxoaren 13a

Udalak 2023ko eta 2024ko udal aurrekontua herritarren artean eztabaidatu eta erabakitzeko partaidetza prozesua abiatu du. Martxoaren 15eko saioa lehenengoa izango da, Oxford aretoan, 18:00etan. 

Udalak 2023ko eta 2024ko udal aurrekontua herritarren artean eztabaidatu eta erabakitzeko partaidetza prozesua abiatu du. Martxoaren 15eko saioan auzoetako behar eta proposamenak aztertuko dituzte.
 

Martxoaren hasieran Udalak galdera luzatu zien herritarrei: 'Zer egingo zenuke herrian 500.000 eurorekin?'. Izan ere, 2023 eta 2024ko aurrekontuetan herritarrek aukeratutako proiektuak txertatuko dituzte. Dagoeneko jaso dituzte 20 proposamen inguru, herrian zehar jarritako postontzietan zein partaidetza webgunean. Proposamen eta ideiak aurrez aurre ere jasotzeko aukera izango da, ordea. Hiru saio ireki egingo dituzte martxoan zehar, eta bi egunez, aurrez aurre proposamenak jasotzeko postua egongo da Saregile plazan.

Lehenengo saio irekia martxoaren 15ean, asteartean, egingo dute, 18:00etan Oxford aretoan. Saio honetan, bereziki, auzoetako behar eta proposamenak landuko dituzte. Horregatik, Udalak "deialdi berezia" egin nahi die auzoetako herritarrei, "horiek direlako beraien auzo eta kaleen beharrak ondoen ezagutzen dituztenak". Edonola ere, bestelako proposamenak jasotzeko aprobetxatuko dute saioa.

Hasierako sarrera eta girotze dinamikaren ondoren, partehartzaileek talde txikitan landuko dituzte proposamenak. Norbanakoen proposamenetik taldearen proposamenetarako bidea egingo dute, eta bukaeran, plenarioan, proposamen zerrenda osatuko dute. Euskaraz izango da saioa, baina aldibereko itzulpena egongo da gaztelerara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide