[GUTUNA] Eroski gure gidari espirituala?

Feli Uria Eizagirre 2022ko martxoaren 14a

Badira hilabete batzuk, agian bi urte. Ez dakit. Eroskin, txartelarekin ordaintzerakoan, “halakoen” alde zentimo batzuekin kolaboratu nahi genuen galdetzen hasi zirela (aldatzen joaten da helburua). Ados bazaude, botoi berdea sakatu; ezezkorako, gorria.

Eta gu hor, pandemia garai betean ere, bata bestearen atzetik botoiak sakatu eta sakatu. Osasun neurriaren hutsegite hori alde batera utzita ere, zera:

Nondik nora kalentura paternalista hau Eroski supermerkatuak?

Nola liteke erosleari bere erabakiak esanaraztea, besteen aurrean? Zer dela eta, eguna joan eta eguna etorri, presio hori bezeroei?

Kaxakoak esan zidan esku-hartze hori “geratzeko” etorri zela, baina, eskatuz gero, kendu zezakeela galdera automatikoa. Hala ere, kentze hori behin behinekoa izango zela. Eta bai, gaur berriro nuen galdezka ea kolaboratu nahi nuen (oraingoan tratu txarrak jasotako emakumeen alde). Nik, berriz ere, deseroso sentiarazten ninduela hain interpelazio zuzenak. Neure aukerako dohaintza finkoak baditudala lehendik ere.  

Izan ere, maneiatuta, ume bat bezala sentiarazten nau Eroskiren jokabide honek.

Dohaintzen onura fiskalei dagokienez, berriz, zer pentsa ematen du guzti honek, izan ere, errenta aitorpena egiterakoan dohaintza bakoitzari dagokion kenkaria han azaltzen zaigu, baina Eroskik kudeatzen dituen horien berririk inork ba al du? Eroskik biltzen duen kopurua oso handia izanik, baten batek onura fiskal inportanteak jasoko ditu. Ala oker nago?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide