Jai Alai Winter Series txapelketako bigarren finalerdia jokatu zen atzo Gernikako frontoian. Aurreko jardunaldietan bezala, harmailak bete egin ziren, eta giro ezin hobearekin jokatu zen partida. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimarrek osatutako bikoteak Olharan eta Etcheto izan zituzten aurkari norgehiagoka honetan. Lau pilotari, bi bikote, eta finalerako txartel bakarra jokoan, Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak lehen finalerdian lortu zutelako lehena.
Goikoetxeari jokoan sartzen ez uztea. Hori zen Ipar Euskal Herriko bikotearen helburua, eta hala aritu ziren pilotakadak frontoiaren atzeko koadroetara bidaltzen. Helburua, baina, ez zitzaien ondo atera. Aimar Aldazabal sendo aritu zen atzealdean, eta zumaiarrak ere lagundu zion lan horietan. Goikoetxeak eta Aimarrek irabazi zuten pilotakada asko eta erremate gutxiko lehen seta (15-10).
Bigarren setean gehiago arriskatu zuten Iparraldekoek, eta erasora aritu ziren. Setaren lehen tantoetan berdinketa izan zen (5-5), baina hortik aurrera aldea zabaltzen joan ziren Olharan eta Etcheto, seta irabazi arte (8-15).
Hirugarren setean, set laburrean, erabakiko zen zer bikote pasatzen zen finalera. Urduritasuna kantxan, urduritasuna harmailetan ere. Aurretik jarri ziren Goikoetxea eta Aimar (1-0), baina berdinketa lortu zuten Iparraldekoek (1-1). Hiru tanto jarraian egin zituzten (4-1); bigarrena lortu zuten Olharanek eta Etchetok (4-2), baina azkenekoa Goikoetxeak eta Aimarrek eskuratu zuten (5-2). Pozaren pozez besarkatu ziren gipuzkoarra eta bizkaitarra.
Finala datorren igandean jokatuko da, hilaren 20an. Erkiaga-Zabala eta Goikoetxea-Aimar bikoteak arituko dira neguko txapelketa hau eskuratzeko lanetan.