Ikasleen adina kontuan hartuta (14-15 urte), etorkizunari begira jarriko ditugu, etorkizuneko Zumaia nolakoa izan daitekeen erantzuten saiatuko dira. Aurrez aurre dauzkagun erronkak identifikatu eta haien inguruan zumaiarrek zer pentsatzen duten aztertuko dute, jasangarritasuna ardatz hartuta eta “Nolako Zumaia, halako mundua” lelopean.
Helburuak
-Kazetaritzaren oinarriak eta lan metodologia ezagutzea, praktikaren bitartez.
-Talde lana balioan jartzea.
-Herri izaera eta ardura kolektiboa balioan jartzea.
-Jasangarritasunaren inguruko kontzeptuak lantzea.
Zer egingo dugu?
Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaienako DBH3ko ikasleek (150 inguru) zumaiarren iritzia jasoko dute, aurrez prestatutako inkesta eredu bat oinarri hartuta; emaitza idatzizko zein ikus-entzunezko formatutan jasoko dute; azkenik, lanak gizarteratu egingo ditugu Baleike.eus webgunean atal berezi bat sortuta.
Gaia
Erantzun beharreko galdera orokorra hau izango da: Nolakoa izango da Zumaia 2050ean?
Jakin nahi dugu zein den zumaiarren ikuspegia etorkizunari begira: kezkak, beldurrak, aukerak, itxaropenak… Inkesta honetatik atera daitezke hurrengo ikasturteetarako gai posibleak, egoki ikusten bada.
Galdera horri edukiz erantzuteko, ezinbestekoa da gaia aletzea eta azpigaiak lantzea (mugikortasuna, kontsumoa, biztanleria, euskara…), eta gai bakoitzerako galdera zehatzagoak prestatzea. Horrela, elkarrizketatuari erantzunak zehazten laguntzeaz gain, emaitza aberatsagoa lortuko dugu.
Nola egingo dugu?
1.-Lehenik eta behin, inkesta prestatuko dugu.
2.-Inkesta hori oinarri hartuta, elkarrizketarako galderak prestatuko dituzte ikasleek.
3.-Ikasgela bakoitzarekin lehen prestaketa saioa, azaltzeko kazetaritzaren oinarriak eta metodoa, eta egin beharko duten lana zehaztu eta aholkuak emateko.
4.-Behin lana azalduta, ikasleak lauko taldetan antolatuko dira. Ikasle bakoitzak elkarrizketatu bat lortu beharko du (guraso bat, gertu daukan helduren bat). Lehenik eta behin, inkesta osatu behar du heldu horrek, Google formularioan. Ondoren, elkarrizketatu egingo dute.
5.-Elkarrizketa horien emaitza izango da: lautik bat behintzat bideoan grabatuta, elkarrizketa guztien transkripzioa idatziz (kazetaritza elementuekin: titularra, sarrera…) elkarrizketatuaren argazkiarekin.
6.-Lan horiek eginda, bigarren lan saioa egingo dute, lanak ikusi, izan dituzten zailtasunak partekatu, ondoriorik atera ote duten, eta txukundu beharrekoak txukuntzeko.
7.-Azkenik, lanak txukunduta, argitaratu egingo ditugu Baleike.eus webgunean sortuko dugun azpiweb batean, eta egindako lanaren berri emango dugu gure hedabideetan, oihartzuna izan dezan.
Epeak
-Martxoaren 14ko astean, eskolan landuko dituzte elkarrizketako galderak, aldez aurretik pasatako inkesta oinarri hartuta.
-Martxoaren 21eko astean, lehen prestaketa saioa egingo dute.
-Ondoren, tartea emango zaie lana egin dezaten.
-Maiatzean bigarren lan saioa.
-Ekainean argitaratu.