Zergatik hasi zinen Maritxu janzten?
Inauteri batzuetan pasatu zitzaidan burutik lehen aldiz. Guztiok mozorrotzen bagara, Maritxu ere zergatik ez? Galdetu nion neure buruari, baina iruditu zitzaidan ezin nuela halako lizentziarik hartu eta gogoa eman zidalako mozorrotu; estatua herritar guztiona da eta norbait haserretu zitekeen. Horregatik, Udalari baimena eskatzea erabaki nuen santelmoetan janzteko. Orduko alkatearekin hitz egin eta erreparorik gabe, alkandora urdina eta zapia lasai jartzeko esan zidan.
2016ko santelmo haietan lehen aldiz dotoretu zenuenetik, zenbat jantzi egin dizkiozu?
Asko. Hasi nintzenetik urtero egin diot mozorro berria inauterietan, iazkoetan salbu. Sevillarrarena du, mexikarrarena... Etxeko trapuekin egiten ditut, eta urte batzuetan bi mozorro ere jarri izan dizkiot musika eskolak kalejirarako hautatutako gaiarekin bat egiteko. Iaz, pandemia zela eta, ez zen inauteririk izan eta ez nuen mozorrotu, ezta 2020ko santelmoetan ere, itxialdi zorrotzean ginelako, baina aurrekoetan leheneratu nuen ohitura Maritxuri maskara jarrita, eta aurtengo inauterietan ere badut berriro mozorrotzeko asmoa.
Dena den, urtean zehar egun gehiagotan ere apaintzen dut, Euskal Jaietan, Emakumearen Egunean eta Gabonetan, besteak beste. Egutegia osatu nuen data berezietan Maritxu janzteaz ez ahazteko.
Pena eman dizu pandemiagatik Maritxu ez mozorrotzeak?
Pena festarik ez egoteak eman dit, ez Maritxu mozorrotu gabe geratzeak. Guztiontzat egoera festarik gabekoa zenez, Maritxurentzat ere bai.
Lan handia hartzen duzu janzteko?
Aspaldi hartu nion tamaina. Neurriak ere behin hartuta nahikoa, nire berberak ditu, gainera. Beraz, hari jarri aurretik nik probatzen dut. Guztia ondo dagoela ziurtatu eta Maritxuri janzteko orduan, alboetatik lotzen dut soinekoa belkroz edo botoiekin. Goizean goiz janzten dut eta gauean kendu. Egunero festak egun bat baino gehiago irauten badu. Hala ere, behin egun argiz kendu zioten santelmoetako marinel alkandora estatuari. Pena handia hartu nuen eta Facebook bitartez salatu nuen gertatutakoa. Kexa plazaratu eta bi egunera etxeko atarian utzi zidaten.
Santelmoetako jantzia gordeta duzu. Gainerakoak ere bai edo beste erabilpenik ematen diezu gero?
Soineko guztiak ditut bilduta. Festak amaitutakoan garbitu eta gorde egiten ditut arropa guztiak. Maleta bat Maritxuren jantziekin beteta daukat ganbaran.
Herritarren harrera nolakoa izan da?
Ona. Jendeak eskertu egin dit. Maritxuri mozorro ederrak prestatzen dizkiodala esan didate askok eta nik ere gustura hartzen ditut halako mezuak. Halaber, beti dago saltsa guztietan nagoela esaten duenik ere, baina hori ere ez dut gaizki hartzen.
Erretiroa hartutakoan ekin zenion ekimen honi. Luzaroan jarraitzeko asmoa duzu?
Gustura egiten dut eta ahal dudan bitartean jarraituko dut. Gero, nire senitartekoren batek erreleboa ematea gustatuko litzaidake, baina ez zait iruditzen alabak eta bilobak borondate handirik dutenik. Dena den, ondo hartuko nuke nire senitartekoa ez den besteren batek hartzea Maritxu apaintzeko ardura.