Arrakasta handia izan du neguko garai honetan antolatutako zesta punta txapelketak. Gernikako frontoiko harmailak beteta egon dira partida guztietan, eta kirol honetako jokalari onentsuenak jokoan ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek, baita partidak Euskal Telebistaren bidez ikusi dituztenek ere.
Txapelketaren finala jokatuko da bihar, igandea, eguerdiko 12:00etan, Gernika Jai Alai frontoian. Txapelketan sendotasun handiena erakutsi duten bi bikoteak heldu dira azken partida honetara: Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal batetik, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala bestetik. Txapelaren bila aterako dira bi bikoteak Gernikako frontoiko kantxara.
Ostegunean aukeratu zituzten finalerako pilotak Goikoetxeak eta Erkiagak. Goikoetxeak eta Aimarrek material bizia erabiliko dute finalean, eta Erkiagak eta Zabalak, aldiz, geldoagoa. Aurrelari handiak dira biak, edozein unetan tantoak egiteko gai direnak. Haiek jokoan sartzea saihestu, eta pilotak atzeko koadroetara bidaltzen saiatuko dira; Zabalak zein Aimarrak erantzukizun handia izango dute final honetan.
Partida 12:00etan hasiko da, eta Euskal Telebistak emango du zuzenean bere lehen kanalean.