Mendebaldeko Sahararen estatus politikoa hizpide izan da azken egunotan Espainiako Gobernuak Marokoren proposamena aintzat hartu ondoren. Pedro Sanchezen gobernuaren iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik "serioena, errealistena eta sinesgarriena".
Erabaki horrek denboran bat egin du, Darahli elkarteak antolatuta, aste honetan hasi eta apirilaren 3ra arte Alondegiko Oxford aretoan egingo den Sahararen aldeko lankidetza astearekin. Erakusketa, hitzaldia eta haurrentzako tailerrak egingo dira, besteak beste, kultur etxean datozen asteotan.
Gaur zabalduko da Oxforden Mendebaldeko Sahara ez da kazetarientzako herrialdea argazki erakusketa. Observatorio aragones para el Sahara Occidental elkarteak prestatutako argazki-erakusketa honetan Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako herriak bizi dituen giza eskubideen urraketak ikusteko aukera dago eta, bereziki, saharar kazetariek eta komunikabideek bizi behar izaten duten informazio blokeoa. Erakusketa egunero izango da zabalik apirilaren 3ra arte, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan eta igandetan eguerditan ere irekiko ditu ateak, 12:00etatik 14:00etara bitartean.
Hitzaldia eta tailerrak
Bestelako ekintzak ere prestatu ditu Darahlik lankidetza aste honen barruan. Hala, ostiralean, 18:00etan hasita, saharar tea eta pastak dastatzeko aukera izango da Oxforden. Jarraian, 3 camaras ocultas dokumentala emango da, eta ondoren, Garazi Hach Embarek Irizar ekintzailearen hitzaldia izango da.
Umeentzako jolasak ere prestatu ditu elkarteak. Oxforden izango dira, larunbatean, 12:00etan hasita, eskulanak, koloredun gatzak, karetak edo pultserak egingo dituzte.