Ilunabarreko eguzkiaren argia da ostantza, eta giro horretan kokatuta, Zumaiako errefuxiatu politiko baten itzuleraren istorioa kontatu du Fito Rodriguezek. "Euskal Herritik kanpo urteak pasa ondoren eta dagoeneko aitonduta bere herrira itzuli da protagonista, eta ez du bere garaian utzitako tokia aurkitu. Halere, berau eta haren bilobaren artean inolaz uste ez zuen harremana sortu eta garatu da. Erlazio hori dela medio protagonista azaltzen joango da hasierako erbesterako bidearen arrazoiak eta, haien bidez, bilobak aurkituko ditu haren familia eta ingurua ulertzeko gakoak. Zer izan da Beltza? Iheslaria? Erbesteratua?, Immigrantea? Edo hori dena bateratuz soilik uler dezakegu gure gertuko memoriaren parte diren pasadizo hauek guztiak?".
Lana aurkezteko ekitaldi berezia egingo da bihar Zumaian, 19:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. Rodriguezek Inazio Tolosa, Lizar Tolosa eta Esti Curiel Zumaiako aktoreak izango ditu lagun. Olatz Beobide aktore eta zuzendaria aritu da zuzendari lanetan. Eleberri laburra “Hamazazpigarrenez, aidanez” bildumaren baitan argitaratu du Udalbiltzak, eta ekitaldiaren amaieran bilduma erosteko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Geuretik Sortuak proiektuaren barruan sartzen da biharko ekitaldia. Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du Udalbiltzak programa honen bidez, zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.