258. greba eguna egingo dute adinekoen egoitzetako langileek

Juan Luis Romatet 2022ko martxoaren 23a

Argazkia: ELA sindikatua

Adinekoen egoitzetako langileek 258. greba eguna izango dute bihar. Aurrekoetan bezala, jaurlaritzak %100eko gutxiengo zerbitzua ezarri die, eta, horregatik gaur egin dituzte elkarretaratzeak egoitzeko atarietan. Zumaiako egoitzetako langileek ere bat egingo dute deialdiarekin.

Adinekoen egoitzetako langileek beraien aldarrikapenekin jarraitzen dute, eta bihar 258. greba eguna egingo dute. Lau urteko gatazka honen ondoren, egoera "gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa" dela azaldu du ELA sindikatuak.

Egoerak, gainera, pandemiarekin okerrera egin duela ere nabarmendu du sindikatuak. "Pandemiak eta bere ondorioek lehen prekarioak ziren lan baldintzak okertzea besterik ez du eragin, eta lehen langile kopurua eta ratioak oso eskasak zirela salatzen bagenuen orain egoera are eta okerragoa da, ez direlako ordezkapenak egiten". ELAren esanetan, "lan baldintzak hain dira gogorrak inork ez duela egoitzetan lan egin nahi". Egoitzetan ematen den zerbitzua "gero eta okerragoa" dela azpimarratu du, eta Aldundiak, egoitzen arduradunak, "beste aldera" begiratzen duela.

Aldundiarekin azken bilera otsailaren 14an egin zutela azaldu du. "Langile, sindikatu, senide eta eragile ezberdinek eginiko bilera eskaerari Aldundiak ez dio erantzun ere egin, beste behin ere bere jarrera antidemokratikoa eta egoerarekiko utzikeria erakutsiz". ELAren iritziz, patronalak "inoiz baino negozio handiagoa" egin du pandemiak sortutako egoeraren "eta Aldundiaren utzikeriaren kontura".

Sindikatuak nabarmendu duenez, borrokan jarraituko dute "ez egoiliarrek ez langileek ez dutelako merezi bizitzen ari direna. (...) Ez dugu etsiko egoera honi buelta emateko beharrezkoa den Aldundia eta Patronalen jarrera aldatu arte".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide