Elkarren berri izan, eta, batez ere, elkarren sostengu izateko, herriko sortzaileen sarea osatzeko lanetan dabiltza Libe Yeregi, Irati Zubieta eta Irene Arano. Sukalde lanetan aritu dira orain arte: hitzordu pare bat egin dituzte Emakumeon* Etxean herriko sortzaileekin. Ekainaren 4an egingo den Emakumeen Topaketan beren txokoa izango dute sortzaileek, eta egun hori baliatuko dute sare horri zabalpena emateko, "zerbait eginez, errazago hasten baita bidea".
Iurretako artisau azoka batean egin zuten topo Zubietak eta Yeregik. Aurrez ez zuten elkarren berririk. Azoka bera oso polita izan zen, Zubietaren arabera: "Herri horretako emakume taldearen aurkezpena zen, eta egitarauaren barruan antolatu zuten azoka. Pentsatu genuen ona litzatekeela hemen antzeko zerbait egitea".
Sortzaileek elkarren berri izatea nahi zuten, azoketarako ez ezik, saretzeko ere bai. Zubietak dio sortzaile izatea ez dela erraza, eta askorako balio dezakeela, esaterako, "norberaren antzera daudenekin" bizipenak partekatzeko edota formakuntza saioak antolatzeko. "Elkar sostengatzeko modua" da sare hori, Zubietaren hitzetan.
Emakumeon* Etxera jo zuten lehendabizi, eta bertan jarri zuten hitzordua herriko sortzaileak elkartzeko. Zubietak, Yeregik eta Aranok, hirurek dute beren sorkuntzari bide emateko proiektu bana esku artean, baina proiekturik gabeko sortzaile ugari dagoela nabarmendu nahi izan dute. Horietako batzuk izan ziren lehen saio hartan.
Hitzordu hura baliagarria izan zuten "elkarri aurpegiak jartzeko", baina "horretantxe" geratu zen. Ekainaren 4ko jaialdi horretan sortzaileek beren lekua izatea eskaini zien gero Emakumeon* Etxeak. Hori antolatzeko aitzakian elkartu dira berriro ere.
Proiekturik ez duten sortzaileak ere gonbidatu dituzte parte hartzera
"Sorkuntzaren mundua zabala da; ez du gauza materialak sortzen dituzten jendeak soilik osatzen", azaldu du Zubietak. Eta hori islatu nahi dute jaialdi horretan izango duten espazioan: oholtza, salmenta mahaia, tailerrak eta erakusketa bat jarriko dituzte. Parte hartu nahi dutenek formulario bat bete beharko dute, eta espazio horretan egin nahi dutena bertan zehaztu. "Lehen saiora joan ez zirenak ere etor daitezke, zerbait eginez, errazago hasten baita bidea", gaineratu dute.
Zaborra ere materiala da
Aranori "betidanik" gustatu izan zaio eskulanak egitea. Zerbait ikusi orduko, "hori egitea egongo da, ba!", esaten zuen bere kolkorako. Askotariko objektuak sortu ditu, altzariak, bitxiak edota arropa. "Altzariak berritu behar banituen, diseinatu eta sortu egiten nituen. Arropak eraldatzen nituen, bitxiak egin…", azaldu du.
Langabezian zegoenean pauso handiago bat eman zuen, eta birziklatutako materialarekin bitxiak egiten eta poltsak eta arropak josten hasi zen. "Zaborretara gauza asko joaten dira, eta gauza horiekin beste gauza asko sor daitezke", dio. Tapizerian lanean hasi zenean jabetu zen horretaz. Ordutik sortutakoak Zeote markapean saltzen aritu da. Kukitxan eta Getariako Gluglu dendan saldu izan dituzte, baina orain sare sozialetatik eta azoketan saltzen ditu.
Elkarren sorkuntzen berri bazuten lehendik, sorkuntza horien atzean nor zegoen ez bazekiten ere. "Lehen zure produktuak ikusten aritu naiz, eta konturatu naiz zure poltsa bat daukadala. Amak oparitu zidan!", ohartu da Yeregi Aranoren azalpenak entzun orduko. Konfinamenduan hasi zen Yeregi belarritakoak egiten. "Zerbait egin nahi nuen. Belarritakoak asko gustatzen zaizkit, eta nik neuk egin nitzakeela pentsatu nuen. Sortzeko errazak direnekin hasi nintzen, eta buztinarekin probatu nuen gero. Buztin polimerikozkoak egiten ditut", esan du. Belarritakoez gain, bestelako osagarriak ere egiten ditu, giltzatakoak edo ileko pintzak kasu, eta Bilearrings izenburupean saltzen ditu guztiak ere.
Aranorenarekin eta Yeregirenarekin alderatuta, hasiera "oso desberdina" izan zuen Zubietak. "Idatzi egin izan dut, baina bestela, sortu ezer ez. Bilbon bizi naizela urte batzuk dira, eta lagun senegaldarrak egin ditut. Horietako batek, Abdouk [Abdou Souaro Danfa] ilustrazioak egiten zituen, eta sare sozialetan argitaratzen hasi ginen erakusteko eta saltzeko", azaldu du. Hura egoera irregularrean zegoen garai hartan, eta bere egoerari "duintasuna emateko modu bat" zen, Zubietaren hitzetan, abiatu zuten proiektua. Mor Fall jostun senegaldarra batu zen gero proiektura, eta hirukoteak Senegaleko komertzio txikitan oihala erosi, ekarri eta kalitateziurtagiria daraman kotoi organikoarekin josten dute, arropa sortzeko. "Moda etikoa eta ilustrazioak, horiek dira gure bi lan ildoak", gaineratu du. Komunitatean sortutako proiektua da Teriya, haren hitzetan.
Ezkutuko lana
Lanetik irten ondoren ateratzen du Aranok sortzeko denbora, eta azokara joan aurretik gaixotu egin zen erritmo horri eutsi ezinda: "Egunean 12 edo 15 ordu egin izan ditut lanean, azoka aurrera ateratzeko". Haren hitzetan, asko dira prozesu horretan egin beharrekoak: diseinatu, ekoiztu, marketina egin… "Instagramak nola funtzionatzen duen ikasi, argazkiak egin, testuak idatzi… Arlo guztietako profesionala izan behar duzu", dio. Azoketan parte hartzea ere ez da egun bateko lana. Bilatu egin behar dira, izena eman, tramankulu guztiak hartu, goizean goiz eraman, muntatu… Edo dendak bilatu, zure produktuak saltzeko bitarteko gisa.
Jendea ez da jabetzen atzean zer dagoen nahiz eta proiektu txiki bat izan, Zubietaren arabera. "Filosofia bat badaukazu, has zaitez horren arabera materiala bilatzen, diseinuak pentsatzen, sortzen, sare sozialak elikatzen, azoketara joaten… Lan karga handia da, eta, gainera, marko legal baten barruan egin behar dugu hori guztia", azaldu du. Sortzaileen sarearen bidez eman diezaiokete aterabidea horri: "Formakuntza saio bat egin dezakegu, eta marko legal bat sortu guztioi babesa emango ligukeena".
Hiru premisa eztabaidaezin
Emakumeon* Etxeak ateak ireki dizkiete, eta uste dute beti izango dutela beren lekua, baina ez dute zehaztu sarea emakumeena soilik izango den ala ez. Dena den, feminismoak zeharkatutako espazio bat izango dela ziur daude: "Sortzaile izatea zaila da, zaintza beharrezkoa eta ia denak emakumeak gara". Aurrerantzean sortzaileen sareak egiten duen bideak definituko du sarea bera, baina "ezbairik gabe", hiru premisa zehaztu dituzte: sormena, jasangarritasuna pertsonekiko, lanarekiko eta materialarekiko, eta feminismoa.