Kiroldegia berritzeko eta bigarren igerileku bat egiteko proiektua prest du udalak. Azken asteotan proiektu hori aurkeztu diete Iñaki Ostolaza alkateak eta Arritxu Iribar Kirol zinegotziak oposizioko ordezkariei eta kiroldegia erabiltzen duten klubetako ordezkariei.
Kiroldegia barrutik eta kanpotik berritzea da Udal Gobernuaren asmoa. Gaur egungo igerilekuaren ondoan, lau kaleko bigarren igerileku bat egitea proposatu dute, eta, gainera, aldagela gehiago nahiz 265 metro koadroko bi areto balioaniztun ere ezarriko lituzkete. Futbol zelairako proposamena ere garatu dute, eta proposamen horren berri eman diete Zumaiako Futbol Taldeko ordezkariei ere. Dena den, kiroldegia eraberritzeko proiektutik aparteko lanketa behar duela iritzita, aurrerago emango dituzte futbol zelaiarekin lotutako xehetasunak.
Finantziazio bila
Proiektu-idazketa 2023ko aurrekontuetan sartu nahi du Udal Gobernuak, hurrengo urtean, 2024an, lanei ekin ahal izateko. Ostolazak azaldutakoaren arabera, finantziazio bide posibleak mahai gainean jartzeko eta proiektua udala osatzen duten alderdi guztiekin adosteko asmoa dute, eta horregatik aritu dira azken asteotan proiektua oposizioko kideei nahiz kiroldegiko erabiltzaileei azaltzen. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori aurkeztuko dio alkateak datorren astean, Zumaiara egingo duen bisitaren barruan.
Aurre proiektuaren planoak ikusteko, jo Zumaiako Udalaren webgunera.