San Jose Komentua kultur topagune bihurtzeko proposamena aurkeztu zuen Udalak iazko abenduan. Eraikinaren beraren birgaitzea eta topagune honek etorkizun batean izango duen erabilera planteatzen zuen proiektu hark. Aldeko txosten guztiekin, proiektua udaleko bikurara heldu zen, baita onartu ere zinegotzi guztien aldeko botoarekin.
Karmeldar Oinutsien komentua izandakoa 2008. urtean pasatu zen udalaren eskuetara, mojak herria utzi eta ordenak Hondarribian duen komentura joan zirenean. Ordutik, alde zaharrean kokatutako eraikin honek jarduera desberdinak hartu ditu: erromesen aterpetxe izateaz gain, kaperan kontzertuak eta ekitaldiak ere antolatu dira.
Urte hauetan guztietan eraikinari erabilera emateko ideia desberdinak planteatu dira; elkarte zein eragileen proposamenak ere heldu zaizkio udalari, baina kultur topagune bihurtzea da aurrera atera dena. Besteak beste, Musika eta Dantza Eskola hartuko du Komentuak, eta dantzarako eta bestelako jarduera artistikoetarako lekua izango du etorkizuneko Komentua Kultur Topaguneak.
Zetabi Arkitektura Bulegoak diseinatu du Mojaxarren komentu zaharra birgaitzeko proiektua. Eraikinaren solairu bakoitzerako proposamenak jasotzen ditu, beti ere, komentuak duen izaera berezia mantenduta. Eraberritze lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia behar izan dute, babestutako eraikina delako. Aldundiak ontzat eman du proiektua.
Udaleko batzorde desberdinen aldeko txostena jaso ondoren, Komentua Kultur Topagunea proiektua atzo aztertu zen martxoko ezohiko bilkuran, eta aho batez onartu zen. Iñaki Ostolaza alkateak azaldu zuenez, birgaitze lanak lizitaziora aterako dituzte orain. Aurrekontua 5.085.211,59 eurokoa izango da, eta deialdira enpresak aurkezten badira, behintzat, lanak urrian hastea aurreikusten du udalak.
Kale izendegia
Bestelako gaiak ere aztertu zituen atzo egindako plenoak. Hala, herriko kale izendegiari beste bi izen gehitzea onartu zuten zinegotzia guztien aldeko botoarekin.
Batetik, San Pedro parrokiaren azpian eta San Telmo kalearen hasieran dagoen plazatxoak Mareaerrota plaza izena izango du hemendik aurrera. Leku horretan marea errota bat kokatu zen orain mende batzuk. Bestalde, udaletxe atzean, Ardantzabideko igogailura eramaten duen plazatxoari Goiko Alberga plaza izena ezartzea ere onartu zuen bilkurak.
Mugi zerbitzua
Mugi zerbitzuari buruzko bi mozio izan ziren, baita ere, plenoko mahai gainean: EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutakoa lehena, eta EAJk eramandakoa bigarrena. Lehen mozioak garraio publikoaren erabiltzailerik ohikoenen batez besteko kostua jaisten laguntzeko neurri batzuk proposatzen zituen. Besteak beste, "Mugiren deskontu sistemaren aldaketa onartzea" proposatzen du, "haren progresibitatean eta justizia sozialean sakontzeko". Laugarren tartea sortzea ere jasotzen du, "Mugiren erabiltzaileei doakotasun handiagoa emateko".
Mozio hau aho batez onartu zuten EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko zinegotziak.
EAJk mugikortasunaren inguruko bigarren mozio bat aurkeztu zuen. Lurraldebuseko autobusek herri barruko zerbitzua eskaintzea proposatzen zuten jeltzaleek, "hiribus zerbitzu berria jarri beharrik gabe". Jadarren, Amaiako plazan eta, uda garaian, Santiago hondartzen geltoki berriak jartzea proposatzen zuen, "Herri barruan hiriarteko garraiobide zerbitzuak erabiliaz mugitzeko".
Mozioak EAJko zinegotzien aldeko botoa bakarrik izan zuen; EH Bildukoek eta PSE-EEkoek aurkako botoa eman zioten proposamenari.
