Ukrainako gerrako errefuxiatuentzako zazpi tona material bidali dute

Juan Luis Romatet 2022ko apirilaren 1a

Kamioia materialarekin kargatzen, atzo Beduan. Argazkia: SOS Ukraina Zumaia

SOS Ukraina taldeak azken asteotan bildutako materiala Poloniara bidean da dagoeneko. Atzo atera zen material hori eramango duen kamioia. Handik banatuko dute materiala gerrako errefuxiatuen artean.

7.000 kilo material pasa bildu ditu SOS Ukraina taldeak azken asteotan. Janaria, arropak, jokoak, etab. Material hori guztia atzo abiatu zen herritik Poloniara bidean. 

Taldeko kideek azaldu dutenez, hainbat elkarte eta erakunderekin hitz egin ondoren, Katowice (Polonia) hiriko Caritasekin lan egitea erabaki dute. "Bertako arduraduna Euskal Herrian bizitakoa da eta Katowiceko Caritasekin lan egiteaz aparte Ukrainara materiala sartzen du bertako elkarteei behar dutena eskainiz", azaldu dute taldekideek.

Gaineratu dutenez, hiru hau, Katowice, puntu estrategiko batean kokatzen da. "Ukrainako ipar eta hegoaldetik 500-600 errefuxiatu inguru iristen dira egunero trenez. Beraz, jaso dugun material modu egokian erabiliko dutela ziur gaude", diote taldeko kideek. 

Material hau guztia bidali dute kamioi honetan:

  • 3.000 Kg janari.
  • 2.100 Kg arropa.
  • 1.450 Kg higiene produktu.
  • 300 Kg manta, izara eta lozaku.
  • 220 Kg bestelakoak
  • 170 Kg osasun-material.
  • 150 Kg kandela, metxero eta pila.
  • 70 Kg jolas.

Taldeak eskerrak eman nahi dizkie zumaiar guztiei erakutsitako borondateagatik. "Baita boluntario lanetan aritu direnei, eta janaria, arropa eta beste hainbat gai eman dizkiguten guztiei. Domusa Tekniki ere eskerrak eman nahi dizkiogu garraioaren kargu egiteagatik".

Bestalde, taldeak azaldu du lau ukrainar errefuxiatu dituztela gure artean. "Beraiek jaso dituen familiarekin harremanetan gaude eta aurrerantzean ere beste ekimen batzuk martxan jarriko ditugu gerraren ondorioak sufritzen ari diren ukrainiarrei lagundu asmoz".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide