Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, ekimenak antolatu ditu udalak

Elena Marguello 2022ko apirilaren 3a

Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira lelopean antolatu dituzte apirilaren 7an eta 11n egingo diren ekimenak; haurrei zuzendutako saioa eta Eider Rodriguez idazleari elkarrizketa, hurrenez hurren.

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira lelopean ekimenak antolatu ditu Udalak "irakurzaletasuna sustatu eta irakurtzearen onurak nabarmentzeko". 

Apirilaren 7an harpaz lagundutako ipuin kontaketa izango da haurren liburutegian, 17:30ean hasita. Mapa eskutan hartuta, Arpa Magikoaren lurralde ezkutura eramango dituzte haurrak, liburu magikoaren barruak ezagutzera. Ekitaldia lau eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. Apirilaren 11n, berriz, Eider Rodriguez idazlea elkarrizketatuko du Alex Gurrutxagak. Idazleak argitaratu berri duen Eraikuntzarako materiala liburuaz arituko dira, baita literaturaz eta irakurketaz ere. Liburutegiko azkenengo solairuan izango da elkarrizketa, 19:00etan hasita.

Ekitaldiak aurkezteaz gain, liburutegia erabiltzeko gonbita luzatu nahi izan dute Josu Egaña, Arantxa Eizagirre eta Garbiñe Barredo liburuzainek, eta Marina Bidasoro kultur zinegotziak. Gainera, datorren astetik aurrera liburuak mailegatzean Liburuaren Egunerako prestatutako orri-markatzaileak banatuko dituzte. Halaber, gogorarazi dute berrikuntzen eta gomendioen zerrendak argitaratzen dituztela sare sozialetan. 

Irakurri matte

Ekitaldi horiek aurkezteaz gain, Irakurri matte irakurle taldean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Hilabetero liburu baten bueltan aritzeko elkartzen dira herriko irakurzaleak, Uxue Alberdik gidatuta. Hurrengo saioa apirilaren 5ean izango da, eta Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora liburua landuko dute, idazlearekin batera. Beste bi saio ere iragarri dituzte: maiatzaren 10ean, Natalia Ginzburgen Familiako lexikoa liburuaz ariko dira; ekainaren 21ean, berriz, Irene Vallejoren Infinitua ihi batean izango dute hizpide, Fernando Rey itzultzailearen eskutik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide