Ligaren ondoren, Gipuzkoako txapelketa irabazi dute gaur Zumaiako infantil neskek

Juan Luis Romatet 2022ko apirilaren 3a

Lan galanta eginda itzuli dira Telmo Deun arraun elkartearen harrobiko arraunlariak Pasaian asteburuan jokatutako Gipuzkoako txapelketatik. Hiru domina lortu dituzte, besteak, beste Zumaiako ontziek. 

Gipuzkoako batel txapelketa jokatu da asteburu honetan Pasaiako badian. Bezperan, larunbatean, Gipuzkoako batel ligako azken jardunaldia jokatu zen; Gipuzkoako txapelketako sailkatze estropada ere izan zen atzoko saioa. Gipuzkoako batel ligako lehen bi postuak ziurtatu zituzten atzo Zumaiako infantil neskek.

Gaur, berriz, Gipuzkoako txapelketako eta Federazio Sariko –kontsolazioko finala– estropadak jokatu dura eremu berean, Pasaian. Eta Zumaiako batelek txapela kentzeko lana egin dute. Ligan lortu bezala, klubeko infantil neskek Gipuzkoako txapelketa irabazi dute, Zarautz eta San Juaneko ontzien aurretik. Kategoria berean, Federazio Sarian, bigarren izan dira Zumaiakoak Hernaniren atzetik. 

Kadetetan, neskek brontzezko domina irabazi dute; hirugarren izan dira Hernaniren eta Tolosaldearen atzetik. Mutilek, aldiz, Federazio Saria irabazi dute. 

Jubeniletan, neskek zilarrezko domina erdietsi dute; bigarren izan dira San Juanen atzetik. Mutilak, berriz, laugarren izan dira txapelketako estropadan. 

Orotara, ezin pozago egoteko emaitzak lortu dituzte Telmo Deun arraun elkarteko neska-mutilek Gipuzkoako txapelketan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide