Zumaiako bi hondartzen zabalera eta egitura kontuan hartuta, jarduerak eskainiko dituzten enpresak mugatzen ditu Udalaren araudiak. Aurkezten diren eskolen txostenak aztertu ondoren hurrenkera bat egingo du udalak eta puntuazio altuena lortzen duten hirurek izango dute jarduera egiteko aukera.
Itzurun hondartzari dagokionez, zaintza eta sorosle zerbitzuaz arduratzen diren pertsonek mugatuko dituzte surf guneak banderekin. Banderak itsasoaren egoeraren arabera jartzen dira; beraz, lekuz alda ditzakete, egokia iruditzen baldin bazaie. Dena den, azken urteetako esperientzia kontuan hartuta, hiru eremu jarriko dira, orientagarri gisa, ur-kirolak praktikatzeko: Santelmoaldea 1, Santelmoaldea 2 eta Itzuruntxikialdea.
Eremu bakoitzean 10 ikaslek egon ahalko dute 8:00etatik 10:30etara, eta ordu horretatik aurrera, 6 ikaslek. Ikastaroetan parte hartzen dutenak kolore bereko likrarekin identifikatuko dira.
Santiago hondartzari dagokionez, eremu bat jarriko da ur-kirolak praktikatzeko, ibai aldea, hain zuzen. Kasu honetan, 10 pertsonek egon ahalko dute orduko.
Eskaerak
Eskaerak 2022eko maiatzaren 13a lehen aurkeztu beharko dira Zumaiako Kirol Patronatuko erregistro orokorrean (Basadi auzategia 16). Eskaerarekin batera araudian zehaztutako dokumentuak entregatu beharko dituzte hautagaiek. Txostenen balorazioan oinarritutako hurrenkera zehaztuko du Kirol Patronatuak.