Hezkuntza itun berriaren aurkako elkarretaratzea egin dute Herri Eskolako irakasle eta guraso batzuek

Juan Luis Romatet 2022ko apirilaren 6a

Eusko Legebiltzarrak hezkuntza ituna onartzeko pausoa emango du bihar. Lege aldaketaren atarian, bailarako hezkuntza zentroetan lanuzteak eta protestak egingo dituzte itunaren zenbait zehaztapenekin beren desadostasuna agertzeko. Zumaiako Herri Eskolaren kasuan, elkarretaratzea egin dute arratsalde partean Sagarbideko patioan.

Zumaian gaur arratsaldean egin dute elkarretaratzea irakasleek eta zenbait gurasok; ikasleek ere bat egin dute protesta ekintzarekin. Hezkuntza itunak "hainbat zalantza eta kezka" sortzen dizkiela azaldu dute, "ez duelako publifikazio marko sendo baten alde egiten eta ez duelako hezkuntza publikoa erdigunean jartzen". Beste hainbat argudio ere eman dituzten itunaren aurka egiteko, tartean, segregazioa normalizatzea, bazterkeria gainditzeko neurririk ez aurreikustea, euskararen aldeko apustu irmorik ez egitea eta langileen lan baldintzez aipamenik ez egitea.

Elkarretaratzearen deialdian gaineratu dute, bestalde, "Ikasle askok bere sinesmen, jatorri edo egoera sozioekonomikoagatik jasaten duten bazterkeria gainditzeko neurri eraginkor berririk" ere ez duela jasotzen lege berri honek, eta hezkuntza sistema propioan "atzerapausoa" dela, "indarrean dagoen araudi estatala berresten" delako, beti ere protesta ekintza deitu dutenen arabera.

Gaineratu dute "langileen lan-baldintzen aipamenik" ez duela egiten lege berria, "nahiz eta dokumentuak eragin zuzena izango duen hauen gain"; Haurreskolak Partzuergoa hezkuntza sisteman txertatu eta hauek eskola mapan sartzeaz ez duela hitz egiten; edo ez dela jasotzen "haur eskola pribatuen diru-laguntzak desagertuko diren ala ez".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide