22. Korrika, zuzenean

Baleike 2022ko api. 7a, 23:00

Korrika eskualdera iristear da. Jarraitu hemen 22.Korrika zuzen-zuzenean. 

Goizaldean, Zestoatik barna etorriko dira korrika herritarrak lekukoaren atzetik, 02:58 aldera –antolatzaileen arabera, gehienez hamar minutuko atzerapenarekin ibiltzen dira–. 

Narrondon hartuko dute lekukoa aurrenekoek, Erkibe Kultur Elkartekoek, eta handik Txikierdira joko dute, Axular ibiltokira gero, eta Zubitxikia pasata, Txomin Agirre kaia, Bidasoa kalea, Amaiako plaza, Erribera kalea, eta Zuloaga plaza zeharkatuko dituzte. Berriro Zubitxikia pasatu, eta Patxita Etxezarretatik joango dira N-634 kostako errepiderantz, Getariarantz. Hauek dira lekukoa eramango duten eragileak.

Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatuko ditu Korrikak ondoren, eta 05:30 aldera aterako da eskualdetik, Usurbilerantz. Tolosaldera joango da Korrika, eta ostiraleko eguerdi partean itzuliko da berriro eskualdera; Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak. 

Korrika eskualdera iristen denean, zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza– Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan. Korrika Urola Kostara iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai Korrikaren zuzeneko bideoa, 20:00etatik aurrera. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide