Memorian, denboran eta identitatean oinarritutako lanak erakutsi ditu Carmen Palomero

Juan Luis Romatet 2022ko api. 10a, 10:30

Carmen Palomero artistaren lanak ikus daitezke egunotan Oxford aretoan. Oroimenaren bitartez espazioa denboran brodatzea du erakusketak izenak, eta apirilaren 24ra arte bisitatu ahal izango da. 

Litografiak eta akoaforteak, bideoak eta argazkiak. Teknika ugarirekin egindako lanak jasotzen dira Carmen Palomeroren (Burgos, Espainia, 1957) erakusketa honetan. Aurrez ere izan da artista hau  Oxford aretoan bertan, baina Alondegia eraberri gabe zegoenean oraindik. Horren lekuko dira erakusketa honetan zintzilikatu dituen argazki batzuk. 

Ostegunean egindako irekiera ekitaldian azaldu zuenez, denbora, memoria eta identitatea dira bere lanak egitera eramaten dituen gaietako batzuk. "Zu zeu ezagutzeko balio du, baita besteak ezagutzeko ere", azaldu zuen. "Obrak erregistroak dira, dagoeneko esperimentatuta dauden kontzeptuen, espazioen eta denboren edukiontziak, eta, aipuak balira bezala, diskurtso berriak sortuz hitz egiten dute".

Artelanak egiteko naturan aurkitzen dituen gaiak eta produktuak erabiltzen dituela ere nabarmendu zuen Gaztela eta Leongoak. Lanak sortzeko ideia hori, erakusketan ikus daitezkeen artelanetan atzeman daiteke. Bere esanetan, "aretoko espazioa gabarra handi bat dela irudikatu dut, garrantzitsuena gordetzen duena".

Erakusketa egunero egongo da zabalik apirilaren 24ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan eta jaiegunetan eguerditan ere zabalduko ditu ateak, 12:30etik 14:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide