Zumaiaraino bizikletan

Miren Garate | Gipuzkoako Hitza 2022ko apirilaren 12a

Aldundiak iragarri du 2023 hasieran ekin nahi diela Urolako bide berdean falta diren lau kilometroak egiteko lanei. Amaitutakoan, 40 kilometro baino gehiagoko azpiegitura izango da.

Badira 35 urte Urolako trenak azken bidaia egin zuela. Inoiz entzun izan da zerbitzua berriz martxan jartzeko aukeraren bat bazegoela, baina, gaur-gaurkoz, erabat baztertuta dago proiektu hori. Autobus zerbitzuak lotzen ditu Zumarragako ospitalea eta Zumaiako tren geltokia; eta bizikletentzat dago egokitua bere garaian trenbidea izan zenaren zatirik handiena. Lau kilometro eskas falta dira Zumarraga eta Zumaia lotzeko, laurak Zestoako lurretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du datorren urte hasieran direla hastekoak lanekin. Kontuan hartuta Legazpiko Mirandaola auzotik Zumarragarainoko bidegorria ere eginda dagoela, lau kilometro horiek egindakoan 40 kilometro baino gehiago egongo dira egokituta bizikletentzat.

Hain zuzen ere, Zestoako Iraeta auzotik Zumaiako Narrondo auzora arteko zatia falta da. Hau da, Zumarragatik Iraetaraino gainerako ibilgailuekin topo egin gabe joan daiteke, Urolako trenak erabiltzen zuen bidetik. Iraetan, ordea, errepidera atera behar da derrigorrez; lau kilometro egin, eta Narrondon Zumaiako erdigunera doan bidegorriarekin bat egiten da.

Aspalditik eskatu izan dute Zestoako eta Zumaiako herritarrek azpiegitura hori amaitzeko. Mobilizazio jendetsuak ere egin izan dituzte aldarrikapen horren bueltan, batik bat Arroa Beheko auzotarren ekimenez. Seiehun biztanle inguruko auzoa da hura, Zestoako handiena, eta, nahiz eta Zestoako udalerriko lurretan egon, gertuago du Zumaiako erdigunea, eta harako joera handia dute bizilagunek.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide