Kantuen aukeraketa zeren arabera egin pentsatzen ari nintzela erabaki dut pertsonalki nirekin kontakturen bat izan duten artistak aukeratzea. Ez da hainbeste kantua bera baizik eta egoera bati lotua egotea, bizipen edo anekdota bati, nahiz eta, berriz ere norbere gustuak azaleratzen diren azkenean.
1. Verde Prato – Neskaren Kanta
Kontzertu bat antolatzeko ardura hartu nuen eta Serpiente taldeko Ana Arsuagari galdetu nion ea animatuko litzatekeen bakarka kantu batzuk egitera. Baiezkoa eman zuen eta hilabete eskasean teklatu eta ahotserako saio bat prestatu zuen zerotik; kantuen estiloa, kontzeptua eta izena bera ere sortu zuen: Verde Prato. Kantu hau ere aurkeztu zuen lehen kontzertu hartan.
2. Oskorri – Atzo Goizean
Bilboko Erronda kalean gindoazen, orduan 3 bat urte zituen gure semea bide erditik zihoan bizikletan. Aurrez-aurre Natxo de Felipe zetorren, Oskorriko kantari ezaguna, esku banatan erosketa poltsekin. Umea aurrerantz zihoanez Natxo de Felipek albora egin behar izan zuen bere poltsa eta traste guztiekin. Grazia egin zidan hain persona garrantzitsuak nola utzi zion bidea bizikletan zihoan ume txiki bati. Hemen bizi naizenetik gehiago miresten dut Natxo de Felipek egindako lana, euskararentzat hain leku arrotzean.
3. Manfred Werder – Actualization of 9 ausführende seiten 1-4000
Bi aldiz jo dugu Manfred Werderren partitura hau Unibertsitateko ikasleen laguntzaz. Lau mila orrialdeko lana behin bakarrik joa izateko konposatu zuen eta pixkanaka doa osatzen leku ezberdinetako jendearen ekarpenekin. Guztira 533 ordu eta 20 minutu irauten du. Joaldia 1999an hasi zen eta guk 2017 eta 2018an sei orrialde jo genituen. Guztira 48 minutu. Partitura jotzeko konposatzaileari emaila idatzi behar zaio eta berak partitura une horretan doan puntutik aurrera bidaltzen ditu eskatu adina orrialde.
4. Josetxo Anitua – "Maria Bethania"
Gutxitan hitzegin nuen Josetxo Anituarekin baina ongi gogoratzen ditut une haiek. Cancer Mooneko kantari ohia ia mito bat zen guretzat. Grabatu zuten kantu honen aitzakian Caetano Velosori buruz hitzegiten egon ginen. Gero, inork espero ez zuela, Salveko zubitik bere buruaz beste egin zuen. Kafe Antzokian omenaldi-kontzertua egin zenean kantu hauxe jo genuen Atom Rhumbako Rober!ekin.
5. Pata Negra – Los managers
Durangon Pata Negraren telonero izan ginen. Kamerinoan jendetza zegoen kontzertu ondoren; emakume dotoreak, trajedun jendea, festa eta droga giroa. Rafael Amadorrengana hurbildu ginen zoriontzera baina bizkarra giratu ere egin gabe “si, si,…” edo erantzun zigun.