Zumaiarren doinuak

Joxe Mari Azkueren doinuak

Erredakzioa 2022ko api. 21a, 10:37

Musikaria, musika irakaslea eta musikarien zuzendaria. Musika arnasten du Joxe Mari Azkuek, Zumaiako Musika Bandako zuzendariak. Gustuko dituen bost abesti aukeratu ditu Baleikek eskatuta.

1. Sílvia Pérez Cruz – Pequeño Vals Vienés

Oraindik gogoratzen dut lehen aldiz kanta hau entzun nuenean nire gorputzak sentitu zuen eztanda. 2016an utzi gintuen Leonard Cohen handiaren musika, Federico Garcia Lorcaren hitzak eta Sílvia Pérez Cruzen ahotsa: kanta bati ezin gehiago eskatu.

2- Pearl Jam – Black

Bost kanta hauek hautatzerakoan ezin nuen Pearl Jam taldea eta Eddie Vedder abeslariaren ahots ikaragarria alde batera utzi. Nirvana, Alice in Chains, Soundgarden, Stone Temple Pilots,… taldeekin batera belaunaldi oso baten soinu-banda izan ziren.

3. Chris Cornell – Nothing Compares 2 U

1985ean Prince musikari polifazetikoak idatzitako kanta Sinéad O'Connorek egin zuen famatu 1992. urtean, baina niretzako 2017an utzi gintuen Soundgarden taldeako abeslaria izan zen Chris Cornellek egindako zuzeneko bertsio hau baino hobeagorik ez dago.

4. Bebo Valdés & Diego El Cigala – Lagrimas Negras

Zein konplikatua den batzuetan artista bat bere obratik banatzea; zein zaila den pertsona bat gorroto, baina artista maitatzen duzunean. Baina begiak itxi eta musika entzuterakoan guzti hori joaten laguntzen duten kanta batzuk badaude, eta hau da hauetariko bat. Bebo Baldes, El Cigala, Paquito DRivera, eta Javier Colina. Entzun eta gozatu!!!

5. Izal – La Mujer de Verde

Eta bukatzeko gaur egun gehien entzuten dudan taldearen kantetako bat (barkamena nire bizilagunei). Mikel Izalek bere amarentzat  idatzitako kanta, kasu honetan Miss Cafeina taldearekin batera. Zein ederra den zuzeneko musika eta zenbat bota dugun faltan azkenengo urteetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide