Toki itxietan musukoaren erabilera malgutzea dakarren dekretua argitaratu dute

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 20a, 09:47

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartutako aldaketak jasotzen ditu gaur atera den dekretuak, eta aldaketa horiek gaurtik indarrean dira. Barrualde gehienetan dagoeneko ez da derrigorrezkoa maskara janztea. Osasun zentroak, botikak, zahar etxeak eta garraio publikoa dira salbuespenak, eta horietan musukoaren erabilerak nolakoa izan behar duen zehaztu dute dekretuan.

Hauek dira Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu eta gaur argitaratu duten dekretuaren xehetasun aipagarrienak:

  • Osasun zentroetan, ospitaleetan eta osasun etxeetan, langileek, bisitariek eta pazienteek derrigor erabili behar dute musukoa, baina derrigortasun hori ez zaie aplikatuko ingresatuta dauden gaixoei beren geletan daudenean.
  • Zentro soziosanitarioetan (zahar etxeetan, esaterako), langileek eta bisitariek erabili beharko dute maskara, gune konpartituetan daudenean.
  • Garraio publikoetan (autobusak, trenak, hegazkinak...) maskara erabili beharko da, baina garraiobideen barruan soilik. Geltokietan edo tren eta metroetako nasetan, esaterako, ez da derrigorrezkoa izango musukoa jantzita izatea.
  • Lantokietan, "oro har", ez da derrigorrezkoa izango musukoaren erabilera. Baina arlo horri dagokionez, lantegi bakoitzeko laneko arriskuen babeserako lantaldeen eta arduradunen esku uzten du dekretuak kasu bakoitzari dagokion erabakia.
  • Horiez gain, jende pilaketak ematen diren toki itxietan edota barrualde batean denbora luzez egon behar denetan "maskararen erabilera arduratsua gomendatzen" du Espainiako Gobernuaren dekretu berriak, baita familia edo lagunarteko elkartzeetan ere, tartean pertsona zaurgarriak daudenetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide