Ardantzabien agerraldia egin zuten atzo 19:00etan Zumaiako Mugimendu Feministak. Bihar, ostirala, hasiko dira santelmoak bi urteko etenaren ostean, eta erasoen aurkako protokoloa aurkeztu nahi izan zuten prentsaurrekoan.
"Bi urte eta gero, hemen dira San Telmo festak. Denbora asko daramagu momentu honen zain: kaleaz, jendeaz, musikaz eta desinibizioaz gozatzeko aukera izango baitugu azkenean. Testuinguru honetan, erasoen aurkako protokoloa prestatu dugu", esan zuten.
"Azken urteetan Zumaiako Mugimendu Feministatik egindako lanketarekin jarraituz", erasoen aurrean ardura hartu eta konplize ez izateko eskatu zuten prentsaurrekoan. "Guztion ardura da guztiok aske eta eroso sentituko garen espazioak sortzea, ez soilik emakume*, bollera, marika, ez-bitar, trans edo bazterrean gauden gorputzona". Horregatik, dei zehatza egin zioten herritarrei: "Zure laguna inguruko norbait deseroso sentiarazten ari bada, hartu kargu. Erasoren bat egin duela ikusten baduzu edo egin duela esaten badizute, hartu egoeraren ardura eta ez justifikatu bere jarrera. Argi utzi ez dela eraso nahiz jarrera matxista, arrazista edo LGTBIQ+Fobiarik onartzen, eta jai eremutik kanporatu".
Azaldu zuten eraso baten berri eduki bezain pronto txosnagunean protokolo hori aktibatuko dutela.
Tabernariei ere gauza bera egin dezaten eskatu zieten: "Egoerari lehentasuna eman diezaioten eskatzen dugu, eta beharrezkoa balitz, jai giroa eten dezatela: argiak piztuz, musika itzaliz, erasoa egin duenari bere jarrera aurpegiratuz eta berau tabernatik kanporatuz".
Erasoa jasan duenaren iritzia errespetatzea ere eskatu zuten "momentuko erantzunaren, gertatutakoa zabaltzearen eta salatzearen inguruan". Eta gogorarazi zuten denen ardura dela "halako egoeren aurrean morborik ez sortzea, ezta bere izena edo kasuaren inguruko txutxumutxuak zabaltzea ere".
Azkenik, emakumeei mezu argia helarazi zieten: "Jai giroan norbait erasotua sentitu bada, euren burua zalantzan ez jartzeko eskatu nahi diegu: uste baino indartsuagoak gara, eta argi izan behar dugu ez dugula zertan egoera deseroso bat jasan. Halakoetan ingurukoei laguntza eskatzea, bakarrik egonez gero oihu egitea eta babesa bilatzea nahiz 112 telefonora deitzea gomendatzen dugu".
Bi hitzordu berezi festetan
Prentsaurrekoan jakinarazi zuten larunbat honetan manifestazioa egingo dutela 23:30ean hasita "kaleak eta gauak gureak direla aldarrikatzeko", eta apirilaren 29ko poteo feministan parte hartzera animatu dituzte herriko emakumeak –19:30ean Amaia plazan da hitzordua–.
Bestalde, informazio postua ere jarriko dute Saregileen plazan festetako bi larunbatetan. Esan dutenez, bertara jo daiteke bai informazioa eskuratzeko, bai erasoen berri emateko.